Abian da 2015eko Joxe Takolo beka

Uztarria.eus 2015ko ots. 27a, 11:32

Martxoaren 31a bitartean mendiarekin lotutako proiektuak aurkeztu beharko dira, udaletxeko erregistroan. Bekaren irabazleek 3.000 euroko diru-laguntza jasoko dute proiektua gauzatzeko, eta epai-mahaiak apirilaren bukaeran emango du erabakiaren berri. 

Martxan da 2015eko Joxe Takolo beka, eta egitasmoak martxoaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu beharko dira, Azpeitiko udaletxeko erregistroan. Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen omenez, goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko sortu zuen Azpeitiko Udalak Joxe Takolo Beka, 2001ean. Proiektuak jatorrizkoak eta maila handikoak izan behar dute, eta aurtengoa bekaren hamahirugarren edizioa da. 

Beka jasotzen duenak proiektua gauzatzeko jasoko duen diru-laguntza 3.000 eurokoa izango da, eta Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak finantzatuko dute. Proiektuek goi-mendizaletasunarekin lotura izan behar dute, eta aurten egitekoa izan behar du. Proiektua antolatzen edo parte hartzen dutenek Euskal Herriko mendizaleak, mendi elkarteak edota beste era bateko elkarteak edo taldeak izan behar dute.

Aurkeztutako egitasmoen artean zein lagundu erabakitzeko batzorde teknikoa osatuko dute, erakundeetako ordezkariek eta gaian adituak direnek. Beka ematerakoan kontuan izango dute egin nahi den jardueraren kalitatea, entitateak bere jarduera-eremuan agertu duen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna, partaide-kopurua eta jardueraren iraupena eta zabalkundea, jardueraren finan­tziazioa, jarduera antola­tzeko azpiegitura eta giza-baliabideak, kirol eta gizarte-mailan jarduera horrek duen interesa, antzeko kirol programa edo eskain­tza­rik ez egotea eta jarduera hori kualifikatutako per­tso­nal teknikoak gara­tzea. Batzordeak apirilaren bukaeran hartuko du erabakia.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

2013: Hutsik gelditu zen beka.

2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier.