Euskaraz bizitzeko oztopoei aurre egiteko manifestazioa deitu dute, etzirako, Donostian

Urola Kostako Hitza 2015ko ots. 26a, 11:58
Jon Gurrutxaga Natul euskara taldeko kidea. (Urola Kostako Hitza)

UEMAk, Azpeitiko Natul euskara taldeak eta Azpeitiko udal gobernuak bate egin dute zapaturako Kontseiluak antolatu duen manifestazioarekin. Herritarrak animatu dituzte Donostiako manifestaziora joan daitezen. Urola Kostako Hitza-k 'Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara' manifestaziorako deialdia irudietan jaso du.

Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelo hartuta, manifestazio nazionala deitu du Kontseiluak etzirako, zapatua. Donostian, Gipuzkoa Plazatik hasiko da, 17:30ean. Azken hilabeteetan hizkuntza politikaren esparruan Espainiako eta Frantziako gobernuetako ordezkariek eta Nafarroako Gobernuak egindako esku hartzeak gaitzesteko antolatu dute. UEMAk (Udalerri Euskadunen Mankomunitatea), Azpeitiko Natul euskara taldeak eta Azpeitiko udal gobernuak, besteak beste, deialdiarekin bat egin dute, herritarrak manifestaziora deituz. 

"Gaur-gaurkoz, euskaldunok ez daukagu aitortuta guk nahi dugun hizkuntza politika egiteko daukagun eskubidea. Hori ukatu egiten zaigu. Erabaki hauekin, ikusten ari gara euskarari balioa kendu nahi diotela, beti frantsesaren edo gaztelaniaren ondoan agertzera behartuz", esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

UEMAko kide diren udal batzuetako ordezkariekin egin zuen mobilizaziorako deia Kontseiluak. Mankomunitateko kideak dira eskualdean: Aizarnazabal, Azpeitiko, Beizamako, Getariako, Orioko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako udalak. Eta, euskaraz jarduteagatik horiek denek jaso dituzte Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarengandik errekerimenduak eta helegiteak. "Udalen jarraipena egiteko udaletako aktak eskatzen hasi zen Urkijo. Udal askotan aktak euskara hutsean egiten dira, eta orduan lehen errekerimenduak iristen hasi ziren udaletara, aktak ele biz eskatuz. Gero, udalen kontratazio irizpideengatik eta ordenantzagatik helegiteak ere jarri ditu", azaldu du Miren Segurola UEMAko koordinatzaile azkoitiarrak. Baina, helegiteak jaso arren, udaletako arduradunek esan dute hartutako erabakiak defendatuko dituztela.

"UEMAko udalerriak oso herri euskaldunak dira, eta udalak hizkuntza politika aurrerakoiak egiten ari dira, euskararen normalizazioan aitzindariak direlako. Orain dela hiru urte hasi zen Urkijo udalek aktak ele bitan egiteko errekerimenduak egiten, baina azken hilabeteetan erasoa areagotzen ari da helegiteak jarriz. Hori hizkuntzaren beraren ofizialtasuna zalantzan jartzea da. Oso larria da, eta udalentzat kostu handia da", dio Segurolak. Euskarari egiten zaion eraso horri aurre egiteko etziko manifestaziora deitu ditu herritarrak: "Gure bidea egiten uzteko aldarrikatzeko. Gure hizkuntzaren ofizialtasuna zalantzan jartzen ari diren neurrian, herritar guztioi dagokigu aurre egitea".

"Uzten ez digunari kontra"

Azpeitiko Natul euskara taldekoek ere bat egin dute Kontseiluaren mobilizazioarekin. "Behin Lazkao Txikiri galdetu omen zioten: Hi, Joxe Miel, nik duda bat diat hiri galdetzeko. Guk zer egin dezakegu euskararen alde?. Eta hark erantzun omen zuen: Guk zer egingo diagu ba, hitz egin!. Natul taldekook horri erantsi nahi diogu, hitz egiteaz gain, kontra egin behar diogula euskaraz mintzatzen uzten ez digun horri", dio Jon Gurrutxaga taldekideak. "Urkijok nahi izan du Azpeitiko Udalak bere kontratazioetan euskara kontuan ez hartzea, hau da, langileak hartzean ez eskatzea euskaraz jakitea. Horrek esan nahi du, herritarrak behartuta egongo garela udalaren menpe dauden administrazioetan gaztelaniaz hitz egitera". Horregatik, "euskaraz bizi nahi duen herri bat badagoela erakusteko", mobilizaziora deitu dute.