Feminismoa eta euskaltzaletasuna, "bi borroka eremu, elkar ukitzen dutenak"

Uztarria.eus 2015ko ots. 25a, 18:21
Ezkerretik eskuinera, Lorea Agirre, Eneritz Albizu eta Idurre Eskisabel.

Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? solasaldia eskaini zuten atzo, asteartea, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel kazetariek, Emakumeen Txokoan. Bi ordu inguruko hitzaldia izan zen, eta hogei bat lagun bertaratu ziren. Eneritz Albizuk egin zituen moderatzaile lanak, eta hainbat gai jarri zizkien hizlariei mahaigainean.

"Bi borroka eremu, elkar ukitzen dutenak". Hala uztartu zituen Lorea Agirre kazetariak feminismoa eta euskaltzaletasuna atzo, asteartea, Idurre Eskisabelekin batera eskaini zuen hitzaldian. Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? zen solasaldiaren izenburua, eta horiez aritu ziren biak ala biak, Emakumeen Txokora bertaratu ziren hogei bat lagunen aurrean.

Hitzaldiaren abiapuntua izenburua bera izan zen, eta Idurre Eskisabel kazetariak "intuiziozko erantzuna, orokorra eta unibertsala" eman zion egindako galderari: "Noski izan izan zaitezkeela feminista euskaltzale izan gabe. Ingurura begiratu besterik ez dago. Ni ez naiz nor inori feminista den edo ez den esateko. Baina ez dit balio erantzun horrek. Ni euskaltzalea naiz, feminista naizelako, eta alderantziz. Bi arloetan izandako bizipenetatik abiatuta, beti izan ditut bi horien erdiguneak debekatuta, bat eta bestea nintzelako. Hau da, gaztetxoa nintzela futbolean ibiltzen ez zidaten uzten neska nintzelako, txiste bera nik edo besteak egin, grazia gehiago zuen bestearenak. Euskaltzaletasunaz geroago jabetu nintzen, baina 'guaia' izateko zailtasunak izaten nituen euskaraz aritzea hobesten nuelako".

Eskisabelek dioenez, beraien kasuan uztardura dute femismoak eta euskaltzaletasunak, bi eremuetan emakume izatea "borrokalekua" delako. "Emakume eta euskaldun garen menperakuntzak arma perbertsoak sortzen dizkigu. Emakume izanda zaude zauden tokian, dituzun ezaugarriengatik. Emakumea beti lotu da naturarekin, emozioekin, etxekoarekin eta ahul izatearekin. Euskalduna ere basarekin, naturarekin, emozionalarekin, etxe zokoarekin zein ahularekin lotu da, eta plazarako beste ama-hizkuntza bat behar dela dirudi".

-gintzak eta emakumeak

Euskalgintzan eta gainerako -gintzetan beste arlo batzuetan baino emakume gehiago aritzen al diren galdetu zien Eneritz Albizu moderatzaileak hizlariei. Agirrek erantzun zion aurrena, eta hark hainbat ikerketa aipatu zituen: "Erantzun batzuk badira, baina ez da erraza. Egia da, euskalduntzen ari diren pertsonen artean emakumeak gehiago direla. Horrez gain, lanbide feminizatuetan, hala nola, hezkuntzan-eta, euskarak presentzia handiagoa du. Zaintzari dagokionez ere, amaren hizkuntzak indar handiagoa duela seme-alabengan diote zenbait ikerketek. Ez ama abila delako genetikaz, partekatzea kostatzen delako. Garrantzia du amak transmititzen duen hizkuntzak". "Prestigio kontua" dela ere esan zuten. "Gune euskaldunetan prestigioa du euskarak, eta euskara transmititzen du amak. Emakumeak prestigioa lortzeko hizkuntza behar du. Duela 30 bat urte gazteleraz egiten zuten, ama prestigioduna izateko kalean, nahiko desprestigiatuta zeuden eta. Gizonak prestigioa badu, eta berdin du zer hizkuntzatan aritzen den. Hori bai, toki euskaldunetan lehialago dira neska gazteak. Izan ere, neskak arauak betetzeko hezten dira, eta euskara erabiltzen dute".

Agirreren ustez, hizkuntza hautuak eta generoak "lotura" dute. "Ez dakit emakumeak gehiago diren -gintzetan, baina trasmisioa emakumeen esku dago. Tradizioz emakumeek egin dituzte lanak, eta gizonek egindakoan, plazara ateratzen dira. Hizkuntzarekin ere gertatu da hori, baina aldatzen ari da. Emakumea eremu batean sartzen da eta desprestigiatu egiten du. Eremu hori ja ez da hain garrantzitsua".

Eskisabelek "zer egin euskararekin?" galdera bota zuen: "Post-gatazka garai honetan, feminismoak tresna onak ditu borrokatzeko. Euskalgintza, berriz, tresna zaharrekin geratu da. Euskara euskal hiztun izatearekin lotzen da, eta hori ez dakit egokia den diskurtsorako. Euskalgintzak asmatu behar du, hizkuntza demokrazia arazo terminoetara ekarri behar da. Eskubide terminoetara", gaineratu zuen. Haren ustez, herritarrak "kontziente" dira hizkuntza borrokarekin, baina ez feminismoarekin. Hor dago Hondarribiako alardearen kasua-eta...". Ildo beretik mintzatu zen Agirre. "Euskara ulertu daiteke justizia sozial moduan, sub diren gainerako gaiekin batera. Hiztunona arazo demokratikoa da. Euskal hiztuna behar bezala ez badute hartzen, iraintzen bada... demokrazia zalantzan jartzen da".

Agirrek uste du feminismoak hizkuntza ere "barneratu" behar duela: "Feminismoak baztertu dezake arraza? Eta, hizkuntza? Euskal hiztunak tokia markatu behar du gizartean, baina zenbait tokitan ez du lekurik. Ia beti boteretik aparte dago, eskubide gutxiagorekin. Feminismoak hizkuntza ere barneratu behar du. Arazoa da emakumearena eta euskararena ere bai. Auzi politikoa da. Borroka plazan jokatzen da. Ez da garrantzitsua niretzat, baizik denentzat, Euskal Herriarentzat, munduarentzat... Diskurtso politikoan txertatu behar da", dio Agirrek.

Euskalgintzak molde berriak behar al ditu?

Hitzaldiaren hirugarren blokean feminismoaren bidea eta euskaltzaletasunaren molde berriak izan zituzten hizpide, Albizuk jarritako puntuaren harira. Eskisabelek uste du "lehen absoluto ziren gauzak orain erlatibo" direla. "Pentsamendua garaikidetu egin da, eta ez da birpentsatu. Egokitu beharra dugu", esan zuen. Agirrek dio "azpian dagoenak" egiten duela beti irakurketa: "Espainiar hiztunek ez dute egingo irakurketa. Kapital linguistikoa dute. Hizkuntza horretan hitz egiten duenak ez du iritsi edo esan beharrik. Ez du ibili behar aldiro kanpotik datozen frogak aprobatzen. 'Ez gara inposatzaileak, baina egin espainolez eskatzen dugunean' da diskurtsoa. Aniztasuna da klabea, eta ez monolinguistika, hizkuntza hegemonikoek egiten duten moduan". Agirreren iritziz, "ezin da onartu hizkuntz komunitate bezala desorekatzen gaituen ezer", eta hizkuntzak izan behar du helburu edo bitarteko.

Agirrek dioenez, "euskarak jartzen zaitu jarrera kritiko eta jarrera ez hegemonikoetan": "Onartzen badugu berdintasuna lortzeko kapitalismoaren alde borrokatu behar dela, euskarak iraungo al du sistema horretan? Zaila, kulturaren hegemonizazioa hor dagoelako. Sortzaileen aurkako jarrera. Sortzaile izan behar du euskarak eta ez kontsumitzaile". Eskisabelek ere bide horri eutsi zion, "hegemonian dagoenaren begietatik ez dago ageriko debekurik" esanaz. "Azpeitian hegemonikoa da euskara, ez da behar kontzientziarik", gaineratu zuen.

Hitzaldia entzutera joandako herritar batek galdetu zuen ia nola uler zitekeen orduan bertsolaritzaren gorakada, eta argi erantzun zion Agirrek; "euskara hutsez egiten delako". "Oraindik ez da gazteleraz egiten... Antzerkiarekin zer gertatzen da? Gaztelerazko obrara jende gehiago joaten denez, ahal bada, hala kontratatzen dituzte udalek. Bertsolaritza euskaraz soilik egiten da. Askok 'ze ahuldade' pentsatuko du, baina indargunea da. Bertsozale elkarteak transmisioan eragitea lortu du, eskoletan sartu da, merkatuan, hedabideetan eta zirkuitoa berak kontrolatzen du. Ekosistemaren sistema lortu dute. Desager zitekeen, eta ez da desagertu. Komunitatea egitea lortu du".

Korrikaren leloa: Euskahaldun

Hitzaldiaren bukaeran 19. Korrikaren leloa izan zuten hizketagai. Izan ere, Euskahaldun da aurtengo Korrikaren leloa, eta hitzaldiko moderatzaileak, Albizuk, 'ahalmen' feminismoak barneratuta duen kontzeptua dela mahaigaineratu zien Agirreri eta Eskisabeli. Azken horren ustez, "prozesu paraleloa da ahalduntzea eta boteretzea. Jabetzen zara zerbait ez dagoela orekatuta, eta urratsa da ahalduntzea". Agirrek boterearekin lotu zuen: "Boteretik ulertzen da. Euskaldunok ere ahal dugu baino gehiago da. Leloa feminismotik propio hartu dutela uste dut. Gustatu, tokatu, bagara edo ez gara hortatik, bagara nor esatera. Bagara nor, subjetu politiko. Euskaratik pasa daitezke, eta komeni da pasatzea".