Asteazkenean bukatuko da igandeko Zuzenien lasterketa bertikalerako izen-ematea

Uztarria.eus 2015ko ots. 24a, 17:21
Jexux Zelaia, Aitor Unanue eta Manuel Unanue, VII. Zuzenien lasterketaren aurkezpenean.

Egunean bertan ezingo da izenik eman. Atzo arte (astelehena) 188 kirolarik emana zuten izena eta Lagun Onak Mendi Bazkunako antolatzaileek 200 parte-hartzaile behintzat izatea espero dute. Plazako lanak direla eta, Iturritxikitik abiatuko da "ibilbidea guztiz aldatua" izango duen proba. Gainera, bertikalen Euskadiko Txapelketa ere jokoan izango da Azpeitiko lasterketan.

Igandean, martxoak 1, 10:00etan hasita jokatuko da VII. Zuzenien lasterketa bertikala eta atzo, astelehena, probaren aurkezpena egin zuten antolatzaileen egoitzan, Lagun Onak Mendi Bazkunan. 2015eko lasterketa berrikuntzekin dator, ibilbide berriarekin eta Euskadiko Txapelketarekin, eta horiexek nabarmendu zituzten Aitor Unanue Lagun Onak MBren presidenteak, igandean lasterketan parte hartuko duen Jexux Zelaia korrikalariak, eta Manuel Unanue Udaleko Kirol batzordeburuak.

Izen-ematearekin lotutako aldaketak ere badira. Horrela, eta aurreko urteetan ez bezala, egunean bertan ezingo da izenik eman. Izena emateko epea bihar, asteazkena, 20:00etan itxiko dute, eta Internetez egin behar da, Lagun Onak MBren webgunean edo Kirolprobak.com-en. Prezioari dagokionez, lau ezberdin daude: txip horidun federatuek 14 euro ordaindu beharko dute, txip zuridun federatuek 16 euro, federatu gabeko txip horidunek 18, eta federatu gabeko txip zuridunek 20. Atzo arte 188 kirolarik emana zuten izena eta Lagun Onak Mendi Bazkunako antolatzaileek 200 parte-hartzaile behintzat izatea espero dute.

Igande goizean, korrikalariek 08:30ak eta 09:30ak artean jaso ahalko dituzte dortsalak. 10:00etan irtengo da aurrena "eta 09:45erako irteera puntura azaltzea eskertuko genuke. Gainerakoak, berriz, dagokien ordua baino bost minutu lehenago agertuta nahikoa izango dute". Irteera orduak zapatuan, otsailak 28, jarriko dituzte www.lagunonakmb.org-en.

Ibilbide berria, luzeagoa

"Ibilbide guztiz aldatua" izango du VII. Zuzenien-ek, Unanueren hitzetan. 3.300 metroko igoera osatu beharko dute parte-hartzaileek, 825 metroko desnibelari aurre eginez.

Aurreko edizioetan Ezkerretegin kokatzen zen irteera plazara ekartzea zen antolatzaileen asmoa, baina plaza eraberritzeko lanak direla eta, aurten Iturritxiki aldetik abiatuko dira azkenean lasterkariak. Hortik abiatuta, Komuntzotik gora, "Takolora arte Xoxoterako igoera klasikoa" jarraituko du ibilbideak, Aitor Unanuek azaldu duenez. Urreta baserritik aurrera, berriz, orain arte ez bezala "eskubi aldetik" joan beharko dira korrikalariak; horrela, San Inazioren estatuara zuzenean iritsi beharrean, zeharkalditxoa eginda iritsiko dira.

Jexux Zelaiak azaldu bezala, ibilbide berria "luzeagoa da, nik behintzat bestea agiteko behar izaten nuena baino hiru-lau minutu gehiago behar izan dut osatzeko. Urreta bitartean korrika egiteko aukera ematen du, baina hortik gora aldapa gogor samarra da. Bukaera, berriz, oso teknikoa da; arrisku handirik ez dago, baina kontuz ibili beharrekoa da, nik behintzat lau hankan egin dut. Jendeak ikusteko, hori bai, polita izango da".

Euskadiko txapelak jokoan

Aurreko edizioak bezala, igoera bertikalen Euskadiko Koparako proba puntuagarria izango da VII. Zuzenien ere. Baina, horrez gain, aurten Euskadiko Txapelketa jokoan izango da Azpeitiko lasterketan. Gizon zein emakumeetan, lehen hiru sailkatuek Euskadiko selekzioarekin lehiatzeko txartela eskuratuko dute.