Udalak uholde arriskua dela eta, arretaz ibiltzeko eskatu du

Uztarria.eus 2015ko urt. 30a, 18:49

Euriak ez du momentuz etenik eta ibaiak gero eta handiago datoz. Goiz-eguerdi partean Ibaiederrek Matxinbentan abisu horia gainditu badu, arratsaldeak aurrera egin bezala Urolara iritsi dira arazoak. Epe laburrean nabarmen egin du gora ibaiaren mailak Azpeitia parean. 17:30ak aldera, Madalenan ibai ondoan aparkatutako kotxeak kentzeko deia egin du Udaltzaingoak, eta zonaldea prezintatu dute. Madalenan bertan, Ospitale Zaharretik gertu Urolako urak gainezka egiten eta ospitalearen eraikin eraberrituan sartzen hasi dira; ondorioz, atea babesteko neurriak hartu dituzte.

Egoeraren aurrean Azpeitiko Udalak uholdeen aurkako protokoloa jarri du abian, eta arretaz ibiltzeko eskatu die herritarrei:

  • Erreka eta ibai bazterretan ez utzi ibilgailurik. Gerta liteke urak gainezka egitea.
  • Madalena Auzoan kotxeak ez aparkatzeko seinaleak jarri ditu Udaltzaingoak eta kotxeak kentzeko eskatu du.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Arreta eskatzen dugu Enparan kaleko eta Jose Artetxe kaleko garajeetan.
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa. Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik. 
  • Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak. Batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko estolderia ondo dagoen eta bestela abisatu Udaltzaingora (943 15 13 13) edo 112 larrialdi telefonora.

Udalak jakinarazi duenez, itsasgora goizeko 01:00 aldean izango da, orduan etor daiteke "une arriskutsuena".