Azpeitiko ordezkaritza Fiturren

Uztarria.eus 2015ko urt. 29a, 14:07

Beste hainbat ordezkarirekin batera Madrilen dira Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria. Besteak beste, "Azpeitiko eta inguruetako turismo espirituala, naturala, kulturala eta enogastronomikoa" aurkeztu dituzte eremu zabalean.

Fitur Nazioarteko Turismo Azoka abian da egunotan Madrilen. Beste hainbat ordezkarirekin batera Madrilen dira Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria. Besteak beste, "Azpeitiko eta inguruetako turismo espirituala, naturala, kulturala eta enogastronomikoa" aurkeztu dituzte eremu zabalean. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, "turismoa ekonomia sustatzeko tresna garrantzitsuenetakoa da gaur egun. Horrela, gure herriko eta eskualdeko ateak bisitariei zabalduz, ekonomia dinamizatu nahi da, egun bizi dugun egoera zailari bueltan eman asmoz".

Atzo, asteazkena, Inaziotar Bidea aurkeztu zuten Itziar Epalza Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordeak, Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendariak eta Eneko Etxeberria alkateak. Hala nola, Loiolako Inaziok Azpeitia eta Manresa artean 1522an egin zuen erromesaldiari lotuta, Inaziotar bidearen inguruan diseinatu duten sustapen eta dinamizazio ekintza plana ezagutarazi zuten. Bestalde, Euskadi Gastronomika eta Euskadiko bide berdeak (tartean da Azpeitia eta Zumarraga arteko bidea) proiektuak ere aurkeztuko dituzte Fiturren. Horiez gain, Gipuzkoak bere txokoa izango du azokan, eta gainerako eskualdeekin batera, Azpeitia eta inguruko herrietako museoek, tokiek, baliabide naturalek, alojamenduek eta jatetxeek ere tokia izango dute.

Fitur urtarrilaren atzo, asteazkena, hasi zen eta igandean bukatuko da. Orotara, 165 herrialdetako 9.107 enpresak eta erakundek hartzen dute parte bertan. 200.000 bisitari inguru hartuko ditu aurtengo edizioak, eta horietatik 120.000 sektoreko profesionalak izango dira.