Bi gazte auzipetuen lagunek ostiraleko argazkirako deia egin dute

Uztarria.eus 2015ko urt. 28a, 17:17

Orhantza Alegria eta Xabier Otamendi azpeitiarrak otsailaren 3an, asteartea, epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Terrorismoa goratzea eta erresitentzia egotzita, bina urteko eta zortzina hilabeteko zigorra eskatu du fiskalak bi gazteentzat, baita zortzi urteko inhabilitazioa, isuna ordaintzea eta gizarte-lanak egitea ere. Zigor eskaerok "guztiz neurriz kanpoko eta bidegabe" iritzita, Alegriari eta Otamendiri babesa adierazteko argazki jendetsua ateratzeko deia egin du Azpeitiko Libre-k ostiralerako, hilak 30, 19:30ean Izarraitz frontoian.

Dei horrekin bat egin dute, era berean, bi auzipetuen lagunek, eta bideo hau egin dute deia zabaltzeko. Bideoan, Alegriaren eta Otamendiren atxiloketaren unea irudikatu nahi izan dute haien lagunek -Iosu Urbieta Pow-ren askatasuna eskatuz pintada egiten ari zirela atzeman zituen Ertzaintzak-. "Ikusi duzuen gertaerarengatik gure bi lagun espetxe arriskuan daude. Hau ez da onargarria!", diote.