Gazteak eta musika uztartzeko egitasmoa jarri du abian Gaztelekuak

Uztarria.eus 2015ko urt. 28a, 11:20
Skandalue elektrotxarangakoek ere euren esperientzia azalduko dute ostiralean Gaztelekuan.

Ostiral honetan hasi eta datozen hiru astetan izango dira musikari lotutako ekintzak. Hala nola, herriko musika taldeen esperientzia ezagutzeko, Juan Antxieta musika eskola bisitatzeko eta mozorro eta karaoke festaz gozatzeko aukera izango dute gazteek.

"Gazteek musikaren inguruan izaten duten irrika asetzeko eta herriko musika taldeen gerturatzeko asmoz", gazteak eta musika uztartuko dituen egitasmoa jarriko dute martxan Gaztelekuan. Ostiral honetan hasi eta datozen hiru astetan izango dira musikari lotutako ekintzak.

Ostiralean, hilak 30, 17:30etik aurrera, Azpeitiko lau musika taldetako partaideak izango dira Gaztelekuan: Verrarter, Skandalue elektrotxaranga, Egurra ta kitto eta Belar Txarrak. Gaztelekukoek azaldu dutenez, "euren esperientziak" kontatuko dizkiete gazteei: "Nola sortu zuten taldea, non entseatzen duten, nolakoak izaten diren euren kontzertuak... Arratsaldea amaitzeko, gainera, euren entsegu lokala erakutsiko digute".

Otsailaren 6an, Juan Antxieta musika eskola bisitatuko dute Gaztelekukoek. "Bisita berezia izango da, bertako musika instrumentu ezberdinak probatzeko aukera izango dute gazteek. Besteak beste, bateria jotzeko edota lurreko piano erraldoian saltaka aritzeko aukera", azaldu dute Gaztelekuko ordezkariek.

Bi egitasmo horietan parte hartzeko izen-ematea gaur, asteazkena, amaituko da. Gaztelekuan bertan edo Gazte Informazio Bulegoan eman behar da izena, eta ekintzak doakoak dira.

Bestalde, otsailaren 14an, Elegante Egunaren bezpera, Karnabaletako festa egingo dute Gaztelekuan. Mozorro festan karaokeaz eta afariaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, eta mozorro eta karaoke originalenarentzat sari berezia prestatu dutela aurreratu dute Gaztelekuko ordezkariek.