Bazkidetzak sendotzea izango da Uztarriaren 2015erako erronketako bat

Uztarria.eus 2015ko urt. 23a, 17:19
Sindikatu Zaharrean egin zuen Uztarriak 2014ari zegokion bazkide batzarra.

Ostegunean egindako batzarrean, 2014. urtearen balantzea aurkeztu eta 2015erako asmoen berri eman zitzaien bazkideei. Aurten ere bazkidetza kanpainarekin jarraituko du Uztarriak, bereziki herriko auzo berriei zein harpide direnei zuzenduta.

Uztarria Komunikazio Taldeak atzo, osteguna, egin zuen bazkideei 2014ko balantzea aurkeztu eta 2015erako asmoen berri emateko batzarra. Horrekin batera, eta beti bezala, bazkideek ekarpenak egiteko parada izan zuten; gogoratu urte osoan dagoela aukera hori zabalik.

2014ko berrikuntzak

Joan dena berrikuntza eta inbertsio urtea izan da Uztarriarentzat, batik bat webguneari dagokionez. Batetik, Uztarria.com zena Uztarria.eus izatera igaro zen abendu hasieran. Edukiei dagokionez, bideogintza sendotzeko lehen pausoak eman dira, eta berrikuntza gehienak zerbitzuei lotuta etorri dira. Batetik, telefono mugikor eta tablet-etan irakurtzeko egokitu da webgunea. Interneterako sarbidea gailu mugikorren bidez egiteko joera hedatzen ari da eta hori kontuan hartuta egokitu du Uztarriak mugikorrerako bertsioa; horren erakusle, 2014an webguneak izan dituen bisiten laurden bat gailu mugikorretatik etorri izana. Mugikorra erabiliz ikus daitezke, esaterako, 2014an Uztarria.eus-en abian jarri diren hiru zerbitzu berriak: eguraldiaren iragarpena, guardiako farmazien informazioa eta hilberrien eta eskelen atala; azken hori joan den abendutik dago martxan.

2012an berritu zenetik urtero gertatu bezala, 2014an ere bisita kopuruak gora egin du Uztarria.eus-en, ia milioi bat osatu arte.

Uztarria herri aldizkariak hamabost urte bete zituen 2014ko azaroan eta data berezi hori gogoan plazaratu zuen Uztarriak iazko bi produktuetako bat: Mugarria ikus-entzunezkoa, Yuri Agirre azpeitiar kazetariak egina; Mugarria-rekin, bestelako produktuen zerrendan 25.na harrapatu zuen Uztarriak. 26.na, berriz, 2014an tajutu eta 2015aren hasieran plazaratu du komunikazio taldeak, Patxi Azkargortaren liburuxka biografikoa, Aintzane Larrañaga kazetari gazteak idatzia.

2015ari begira

Hasi berri den urte honetan kanpora begirako berrikuntzak edo aldaketak ez dira hain nabarmenak izango, baina eskaintza hobetzeko eta egokitzeko lanarekin jarraituko du Uztarriak, ezinbestean. Horrela, 2015ean berrikuntzek lana egiteko moduari eragingo diote bereziki; ordenagailuen berrikuntza eta egokitzapena sartuko dira hor, besteak beste.

Bestalde, 2015a datozen urteetarako estrategia finkatzeko erabiliko du Uztarriak: webguneak eta bereziki aldizkariak zer aldaketa edota egokitzapen beharko dituzten, bestelako produktuetan zer eskaini... Izan ere, 2015ean argitaratuko du komunikazio taldeak 2009tik abian duen liburuxka biografikoen azken emaitza. Bestelako produktuak dira Uztarriaren bazkideek hileroko aldizkariaz gain etxean jasotzen dituztenak; urtean pare bat izan ohi dira.

Bazkideak ditu, izan ere, Uztarria Komunikazio Taldeak bere lana eta egitasmoak garatu ahal izateko ezinbesteko sostengua, diru-laguntza publikoen ekarpen aldakorren erabat menpe ez izateko beharrezko komunitatea. Horrexegatik, bazkidetzak sendotzea izango da Uztarriaren 2015erako erronketako bat. 2014an mantendu egin du Uztarriak bazkide kopurua, 1.050en bueltan; eta ez da gutxi, azken urteotako krisi luzearen eraginak kontuan hartuta, batik bat. Egoera hori kontuan izan du Uztarriak ere eta bazkide kuota bere horretan mantendu du: urtean 30 euro ordaindu behar da bazkide izateko. Bazkideez gain, aldizkaria -produkturik ez- jasotzen dute etxean harpide direnek ere. Hain zuzen, bereziki horiei eta herriko auzo berrietako bizilagunei zuzenduta egin nahi ditu bazkidetza kanpainak Uztarriak 2015ean ere