"Al-Anonek bizia ematen dizu"

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 22a, 15:38

Alkoholikoen senideak eta lagunak biltzen ditu Al-Anon elkarteak. Bere berri emateko hitzaldia antolatu dute hilaren 30erako, Azpeitian. Taldeko bi kidek bizitzeko adorea hartu dutela kontatu diote Urola Kostako Hitza-ri. Izarraitz Al-Anon taldea astelehenero biltzen da 20:15ean, Baigerako hirugarren solairuan.

"Niretzako irtenbide bat izan da Al-Anon. Aurretik, bizitzari zentzurik ez nion aurkitzen, adorerik gabe sentitzen nintzen. Senideetako bat alkoholikoa izan, eta egunerokoa eramanezina egiten zitzaidan", esan du Al-Anon taldeko Ixabelek.

Beste herritar askorentzako ere irtenbidea izan daitekeelako, hitzaldi bat antolatu dute taldearen zereginen eta helburuen berri emateko, alhokolikoen senide eta lagun direnak biltzen dituen taldekoek. Urtarrilaren 30ean egingo dute, 19:00etan, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Al-Anonen zeregina eta funtzionamendua azalduko dute elkarteko kideek, eta Felix Zubia medikuak eta Alkoholiko Anonimoetako kideek ere hitz egingo dute solasaldian.

Anonimoa eta librea

Al-Anon taldea alkoholikoen lagunek eta familiartekoek osatzen dute. Astean behin bildu, eta elkarren esperientziez jarduten dute. Gaur egun Gipuzkoan 15 talde daude martxan, horietatik hiru Urola Kostan: Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian.

Taldean biltzen direnen izen-abizenak eta bertan esan eta bizi dutena isilpean gordetzen dute. "Taldekideen anonimotasuna gordetzea ezinbestekoa da Al-Anonen, baita taldean kontatzen diren bizipenen kasuan ere. Ho rregatik, taldera datozenen izen-abizenik ez da jasotzen inon. Asteroko bileretara etortzea ere libre izaten da, derrigorra ez da", azaldu dute Urola Kostako Hitza-rekin bildu diren Al-Anoneko bi kidek. "Anonimotasun horrek babes bat ematen digu bai taldera goazenoi, bai gure ingurukoei: gertuko alkoholiko horri, seme-alabei nahiz gurasoei. Gure etxean zer gertatzen den askotan gure ingurukoek ez dakite, eta ez dute ezagutzen".

Ixabel da Al-Anoneko taldera joaten den bat, eta taldera joateak bere bizipenak kontatzeko askatasuna eman dio: "Hitz egiteko konfiantza ematen dit taldeak, eta bakarrik ez nagoela ikusi dut. Badaude pertsona batzuk nire egunerokoa ulertzen dutenak, beraiek ere antzeko bizipenak edo esperientziak dituztelako".

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Izarraitz Al-Anon taldea astelehenero biltzen da 20:15ean, Baigerako hirugarren solairuan.