Adobea eta lastoa

Aitor Gorrotxategi (Azpeitiko EAJren bozeramailea) 2015ko urt. 7a, 11:31

Laster beteko dira lau urte gaur egunean Foru Aldundia gidatzen ari direnek, foru erakunde horretara sartu zirenean, esan zuten "zementoaren kultura amaitu da" esaldi gogoangarria esan zutenetik. Eta ordeno y mando estilo zaharkitua erabiliz, Gipuzkoan aurreikusiak zeuden bide-azpiegituren lanak makaldu edota gelditu egin zituzten.

Paralisi horren adibideetako bat, gertu-gertukoa, Azkoitia-Urretxu errepidea dugu. Herritarren parte-hartze prozesu baten barruan –Markel Olanok gidatzen zuen Foru Aldundiak bultzatutako lehenengoa– aurreko legealdian aurreikusi eta hitzartutako hobekuntzak ziren.

Gobernua aldatu zen, Bildu sartu zen, eta errepidea eraberritzea desagertu egin zen. Baina ordutik hona ez dira gutxitu egin errepide hobetu bat edukitzeko beharrak. Ondo dakite hori, ondo dakigu, arrazoi bat edo besterengatik, batzuetan oso presaka, gure erreferentzia-ospitalean arreta jasotzeko Urretxu-Zumarragara joan behar izan dugun guztiok. Ondo baino hobeto dakite hori Azpeitiko alkateak, Eneko Etxeberriak, eta Azkoitiko alkateak, Urrategi Alberdi azpeitiarrak. Egoera horren berri ondo zekien legealdiaren erdi aldera arte Azkoitiko alkate izan den Pello Bastarrikak ere. Baina datu objektiboak hor jarraitzen du: inork ez du ezer egin Foru Aldundiari obra hori egin dezala eskatzeko eta horren alde egiteko. Ez dute jakin Azkoitiko eta Azpeitiko herritarren eskakizun legitimo eta funtsezkoak beren nagusiek esandako "zementuaren kultura bukatu da" kontsignaren gainetik jartzen, edo ez dituzte jarri nahi izan. Areago oraindik, Foru Aldundiak, komeni zaionean, zementutan gastatzen du dirua, esate baterako Urretxu-Deskarga-Antzuola errepidearen lanak egiteko, adobeak eta lastoak ez baitute balio, baina bitartean gure bi herrietako alkateek isilik jarraitzen dute. Lau urteko isilaldia eta paralisia. Hori bai, bitartean entretenitu egiten dira, eta gu entretenitzen saiatzen dira, zaborren gaiarekin, alboko herrian, Azkoitian, herritarren artean sortutako kabreoaren arrakastatxoarekin, gainera. Garbi ikusten dena zera da: gure gaur eguneko alkateen kudeaketa ez dagoela bailarak eskatzen duen garapen ekonomiko eta sozialaren mailara.