Patxi Azkargortaren liburuxka aurkeztu du Uztarriak

Uztarria.eus 2015ko urt. 3a, 15:01
Ezkerretik eskubira, Aintzane Larrañaga liburuaren egilea, Ane Odria Uztarriako ordezkaria eta Irune eta Iñaki Azkargorta, Patxiren seme-alabetako bi.

Patxi Azkargorta zenaren liburuxka biografikoa aurkeztu du gaur, zapatua, Uztarria Komunikazio Taldeak. Sanagustin kulturgunean izan da aurkezpen ekitaldia eta jende ugari bildu da bertan. Azkargortaren senitarteko eta lagunak ere han izan dira. Aintzane Larrañagak idatzi du liburuxka.

Patxi Azkargorta zenaren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, larunbata. Uztarriak 2009ko martxoan hainbat azpeitiarren soslaiak egiteko proiektua jarri zuen abian eta Azkargortarena proiektuko hamaikagarren alea da. Sanagustin kulturgunean aurkeztu du Uztarriak liburuxka eta jende ugari bildu da bertan. Hala nola, Azkargortaren senideak, gertukoak eta lagunak.

Aintzane Larrañaga kazetari gazteak idatzi du biografia, eta hark azaldu duenez, "ez nuen Patxi bizirik zela ezagutzeko aukerarik izan, baina liburua idatzita ezagutu izan banu bezala sentitzen naiz". Azkargortak hainbat lan egin zuen herrigintzan, eta Larrañagak hark zuen "lanerako gogoa" azpimarratu du: "Garai gogorrak bizi izan zituen Frankismoan-eta, baina Azpeitiko pilotan, ikastolaren alde eta bestelakoetan hainbat lan egin zuen". "Bergaran jaiotakoa bazen ere, beldurrik gabe esan dezaket, azpeitiar peto-petoa zela Azkargorta", esan du Larrañagak.

Aurkezpenean Iñaki eta Irune Azkargorta, Patxiren seme-alabetako bik, hartu dute hitza. Hunkituta hitz egin dute biek ala biek, eta esker hitzak izan dituzte bai Uztarriarentzat eta baita liburuaren egile Aintzane Larrañagarentzat ere. "Gure aita hemen balego..." esanaz hasi du hitzartzea Iñakik, eta aita zenaren bi bertute aipatu ditu hunkituta: "Lanaren enamoratua zen gure aita, eta alaia ere bai. Umore handia zuen".

Hamaikagarrena

Patxi Azkargortari eskainitako liburuxka Uztarria Komunikazio Taldeak 2009an abian jarri zuen liburuxka biografikoen proiektuaren bederatzigarren alea da. Lehenengoa Julian Bereziartuarena izan zen eta bigarrena, Leo Etxeberriarena. Hirugarrena, Valentina Agirrerena eta laugarrena, Santi Lazkanorena. Uztarriak kaleratutako bosgarren liburuxka Amaia Garmendiarena izan zen eta Enkarna Arregirena, seigarrena. Zazpigarrena, Iñaki Bergara Pio-rena izan zen, eta joan den apirilean zortzigarrena, Bernardo Aizpitarte Kabra-rena, argitaratu zuen. Orduz geroztik, Enrike Zurutuzarena, bildumako bederatzigarren liburuxka biografikoa, eta Maria Jesus Arregirena kaleratu ditu Uztarriak. Datorren urtean ere liburuxkekin lanean jarraitzeko asmoa du Uztarria Komunikazio Taldeak, eta hamabigarren liburuarekin emango dio bukaera proiektuari.

Herriko kazetari gazteei idazteko aukera ematea eta hainbat azpeitiarren biografiak argitaratzea dira Uztarriak proiektu honetan uztartu nahi dituen helburuak.

Patxi Azkargortari buruzko liburuxka herriko liburudendetan eta Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi, 1 behea) salgai izango da datorren astetik aurrera, 5 euroren trukean.

Azkargortaren liburuxka Uztarriaren 26. produktua izan da; hemen aurreko 25 produktuak.