Aintzane Larrañaga: "Patxik bizitza luze eta oparoa izan zuen, eta ingurukoek mila istorio eta anekdota zituzten kontatzeko"

Uztarria.eus 2014ko abe. 30a, 17:38
Aintzane Larrañaga azpeitiar kazetariak idatzi du Patxi Azkargortaren biografia.

Zapatuan, urtarrilaren 3an, aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak Patxi Azkargortari eskainitako liburuxka biografikoa. Sanagustin kulturgunean izango da aurkezpena, 12:00etan. Aintzane Larrañaga azpeitiar kazetariak idatzi du Uztarriaren liburuxka biografikoen sailaren hamaikagarren lana. Urtarrilaren hasieran banatuko du Uztarriak liburuxka bazkideen artean, eta salgai ere jarriko du. Uztarria.com-ek Aintzane Larrañagarekin hitz egin du, egindako lanaz.

Bizitzan hiru gauza egin behar direla dioen teoria bat bada... Lehena egin duzu. Liburua idatzita dago.

Bai, hala da. Alde horretatik behintzat konplitu dut, eta oso gustura gelditu naiz emaitzarekin.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso polita. Aurrez sekula ez nuen pentsatu biografia bat lantzeak zer-nolako lana izan zezakeen atzean, eta aukera hori izan ostean, lan sakon bezain polita dela esango nuke, asko ikasteko aukera ematen duena eta aberasgarria, zentzu guztietan.

Aurretik ezagutzen al zenuen Patxi Azkargorta?

Pertsonalki ez. Banekien Ilunpen pilotariekin-eta lanean aritzen zela, [Jesus Ruiz de Argandoña] Keuttin eta konpainiarekin, baina ez nituen haren nondik norakoak gehiegi ezagutzen.

Nolakoa izan da haren bizitza jasotzeko egin duzun lana?

Ezertan hasi aurretik, egunkari, agerkari eta webguneetan informazioa bildu nuen, ezjakintasun hutsetik ez abiatzearren. Ondoren, senitartekoekin, lankide izandakoekin eta lagunekin elkarrizketak izan nituen, eta haiek esandakoak kontrastatuz, pixkanaka Azkargortaren bizitza josten saiatu naiz ahalik eta modu zehatzenean.

Izango zuten zer kontatua Patxiren senideek eta lagunek, ezta?

Bai, bizitza luze eta oparoa izan zuen, eta ingurukoek mila istorio eta anekdota zituzten kontatzeko.

Liburua idatzi duzunez, nola deskribatuko zenuke Azkargorta?

Pertsonalki ezagutu ez arren, bihotz onekoa, beti laguntzeko prest zegoena eta euskararen eta pilotaren zale amorratua zela esango nuke, geldirik egoten ez diren horietakoa. Liburua osatzen lagundu didaten guztiek argi utzi nahi izan didate haren eskuzabaltasuna, eta azkenean benetan ezagutu izan banu bezala sentitzera iritsi naiz.

Zapatuan izango da aurkezpena, eta herritar ugarik jasoko du liburua etxean.

Espero dut gustukoa izango dutela. Etxekoentzat eta ezagutu zutenentzat, Azkargorta oroitzeko modu polita izan daitekeela uste dut; gainerakoentzat, berriz, pertsona on baten bizitza ezagutzeko aukera ona izan daiteke. Anekdotak eta ateraldi umoretsuak, behintzat, ez dira falta.