Sauna eta gimnasio zerbitzuak doakoak izango dira Kirol Patronatuko bazkideentzat 2015ean

Uztarria.eus 2014ko abe. 30a, 13:04
Ezkerretik hasita, Jose Mari Arregi, Manuel Unanue eta Ina Sagarzazu.

Otsailaren bukaeran edo martxoaren hasieran bukatuko dituzte igerilekuaren eraikina handitzeko lanak. Hori dela eta, hainbat aldaketa izango da eraikin berrituan. Besteak beste, igerilekua zabalik izango da astelehen goizetan, eta eraikinaren itxiera ordua ordu erdiz aurreratuko dute. Hala, 21:30ean itxiko dute eraikina, 22:00etan itxi beharrean.

Igerilekuko eraikina handitzeko lanak otsailaren bukaeran edo martxoaren hasieran bukatuko dituztela eta, 2015ean Udal Kirol Patronatuak egingo dituen aldaketen eta zerbitzuen eskaintzaren gaineko azalpenak eman dituzte Manuel Unanue Kirol saileko batzordeburuak, Ina Sagarzazu Patronatuko zuzendariak eta Jose Mari Arregi Udaleko aparejadoreak. Behin igerilekuaren eraikineko lanak bukatuta, igerilekuan eskainiko dituzte aisiari lotutako kirol zerbitzu gehienak, eta kiroldegia federatutako kiroletarako izango da.

2015eko Kirol Patronatuko kuotak urtarrilaren erdi aldean kobratuko dituzte, eta hainbat zerbitzuz gozatu ahal izango dute aurrerantzean bazkide diren herritarrek. Hala nola, orain arte beste zenbateko bat ordainduta soilik erabil zitezkeen sauna eta gimnasioa bazkide orok erabili ahal izango ditu aurrerantzean, urteko kuota ordainduta. 

Udalak hala erabakita, aurten ez dute igoerarik izango Patronatuko kuotek. Horrenbestez, familia bazkidetza 291,067 euro, 17 urtetik beherakoen banakako bazkidetza 118,42 euro eta 17 urtetik gorako norbanakoen bazkidetza 187,66 euro ordaindu beharko dira. Dena den, deskontudun beste eskaintza batzuk ere baditu Kirol Patronatuak, eta horien gaineko informazioa behar duenak bulegoetara jo besterik ez duela gogoratu du Manuel Unanue Kirol saileko batzordeburuak.

Ordutegi aldaketa

Igerilekua astelehen goizetan zabalik izango da aurrerantzean, eta horrez gain, igerilekuaren ordutegian ere aldaketak izango dira: 21:30ean itxiko dute eraikina. Unanuek azaldu duenez, "itxiera ordua aztertzen aritu gara, eta ordu horretan ia erabiltzailerik izaten ez denez, 21:00etan utzi beharko dute kirol jarduera erabiltzaileek, eta 21:30ean itxiko da eraikina".