Momentuz, 680 lagunek eman dute izena San Silbestre lasterketan

Uztarria.eus 2014ko abe. 30a, 11:12
Iazko San Silbestre lasterketako parte hartzaile batzuk.

Aurten berrikuntza bat baino gehiago izango du probak, eta horietako bat da proba nagusiaren aurretik, 11:15ean, aurreneko aldiz jokatuko den patinatzaileentzako lasterketa. Momentuz, 32 patinatzailek eta 648 lasterkarik eman dute izena proban. Gaur eta bihar ere eman ahal izango da proban parte hartzeko izena.

Hamalaugarren urtez jarraian, bihar, abenduak 31, San Silbestre lasterketa izango da herrian, eta dagoeneko 680 kirolarik eman dute izena. Aurten berrikuntza bat baino gehiago izango du probak, eta horietako bat da proba nagusiaren aurretik, 11:15ean, aurreneko aldiz jokatuko den patinatzaileentzako lasterketa. Lasterketa horretarako 32 lagunek eman dute izena gaur artean.

Oraindik ere eman daiteke San Silbestre lasterketan bai lasterka eta bai patinetan parte hartzeko izena Interneten, www.herrikrossa.com webgunearen bidez. 10 euro da gaur izena ematen duten patinatzaileek ordaindu beharrekoa; bihar bertan apuntatzen direnek, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dute. Lasterkarien kasuan, gaur izena emanda 8 euro ordaindu beharko da inskripzioa, eta bihar izena emanez gero, berriz, 15 euro.

XIV. San Silbestre herri lasterketaren berrikuntzekin jarraituz, eskolarte mailako lasterketen hasierako ordutegia da horietako beste bat. Izan ere, aurten gaztetxoenen lasterketak goizago hasiko dira, 10:00etan. Eskolartekoen izen-ematea doan da.

Hau da abenduaren 31ko lasterketen programa:

10:00. Benjamin neskak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.

10:10. Benjamin mutilak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.

10:20. Alebin neskak: 1.300 metro, bi itzuli.

10:30. Alebin mutilak: 1.300 metro, bi itzuli.

10:40. Infantil neska-mutilak: 1.900 metro, hiru itzuli.

11:15. Patinatzaileen lasterketa, plazatik irtenda.

12:00. Lasterketa nagusia. Kadeteek eta jubenilek 3.000 metro, zirkuituari itzuli bat. Gainontzeko guztiek 6.000 metro egingo dituzte, zirkuituari bi itzuli emanda.