Hitzarmena sinatu dute Udalak eta 'Urola Kostako Hitza'-k

Uztarria.eus 2014ko abe. 10a, 11:51

Azpeitiko Udalak Urola Kostako Hitza diruz laguntzeko urtebeterako hitzarmena sinatu du. Udalaren esanetan, "Azpeitian eta Urola Erdia eskualdean oinarrizko hedabide bihurtu da Urola Kostako Hitza. Modu horretan, eskualdeko prentsan euskara bermatzeaz gain, gure udalerrian euskararen alde egiten duen lana handia da, eta esfortzua aitortzeko asmoz, akordioa sinatu dugu". Hitza-ko kudeatzaile Uxua Ostolazak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak sinatu zuten akordioa joan den ostiralean, eta ondorioz hedabideak aurten 27.000 euroko diru-laguntza jasoko du Udalaren partetik.

Euskarazko Komunikazio Taldeko Bertako Hedabideen eta Urola Kostako eragileen ekimenez gain, herri aldizkarien borondatez eta lanari esker sortu zen Hitza. Sortze prozesuan izan ziren Txaparro (Zarautz), Uztarria (Azpeitia), Baleike (Zumaia), Danbolinzulo (Zestoa) eta Artzape (Getaria), eta hasieratik administrazio kontseiluko partaide ere izan dira.