San Eloi jaiak astelehenean hasiko dira

Uztarria.eus 2014ko aza. 28a, 18:33
2012ko saneloietako argazkia.

Egitarau oparoa prestatu dute Landetako auzotarrek saneloiak ospatzeko. Auzo bazkariarekin hasiko dira jaiak, eta herri kirolariek zein trikitilariek emango diete amaiera.

Landetako San Eloi jaiak hasiko dira astelehenean, eta hamaika ekitaldi antolatu dituzte igandea bitartean. Auzo bazkariarekin hasiko dira festak, eta bertsolariak zein trikitilariak izango dira jatorduan, janariari laguntzeko. Beñat Lizaso eta Haritz Etxeberria bertsolariek abestuko dute, eta Felixek eta Eiderrek jarriko dute musika.

Urtero bezala, mus txapelketa ere antolatu dute, Mendizabal erretegian. Ostegunean, abenduaren 4an, izango da lehiaketa, eta hogei euro ordaindu beharko dituzte parte-hartzaileek. Izen ematea txapelketaren egunean izango da, 20:30etik aurrera, hau da, proba hasi baino ordubete lehenago. Honako sariak emango dituzte irabazleen artean:

  • Irabazleak: 300 euro eta txapela.
  • Bigarren sailkatuak: 200 euro eta kilo bat babarrun.
  • Hirugarren sailkatua: arkumea eta kiloa babarrun.

Horrez gain, parte hartzen duten guztien artean, bi pertsonentzako afaria zozkatuko dute.

Azken egunerako, iganderako, herri kirolak antolatu dituzte auzotarrek. Otaño eta Larrañaga aizkolariek beraien lanak egingo dituzte. Bestalde, Xabier Busta eta Joseba Perrax eta Aresoko neskak Landetan izango dira. Egunean zehar musika-doinuak ere entzungo dira, bertsolarien eta trikitilarien laguntzarekin.

Honakoa da saneloietako egitaraua:

Abenduak 1, astelehena: 14:30ean, auzo bazkaria Bordatxo tabernan. Bertsolariekin eta soinujoleekin.
Abenduak 4, osteguna: 21:30ean, Eloi Deunaren VI. Mus Txapelketa Azkarra. Mendizabal erretegian.
Abenduak 5, ostirala: 21:00etan, txerri Boda Landeta jatetxean.
Abenduak 7, igandea:
11:00etan, hildako auzokoen aldeko meza Esklabetako elizan.
12:00etan, umeentzako zezen txikiak, pottokak eta jolasak.
12:00etan, Imanol eta Eneko soinujoleak eta bertsolariak auzoan zehar.
13:00etan, herri kirolak Landetan: aizkolariak, harri-jasotzaileak eta trontzalariak.