Lakrikun taldearen 'Non gaude?' lanarentzat da Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria

Uztarria.eus 2014ko aza. 28a, 14:04

Udalak emandako 600 euroko saria jaso du Lakrikunek, Santo Tomas egunean. Azaroaren 8an estreinatu zuten obra Soreasu Antzokian. Udalak topaketen balorazio "positiboa" egin du.

Lakrikun antzerki taldearen Non gaude lanarentzat izan da XXXII. Euskal Antzerki Topaketen Ikusleen Saria. Azaroaren 8an taularatu zuten aurrenekoz Lakrikuneko Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi eta Idoia Uranga aktoreek saria jasoko duen lana Soreasu antzokian. Antzerki hori aurretik egin izan dituzten Greban gaude eta Prest gaude! obren hirugarren zatia da, eta egun hartan estreinatu zuten. Udalak 600 euroko saria ematen du ikusleek emandako puntuazioan oinarritutako sari honekin. Santo Tomas egunean jasoko dute Lakrikunekoek saria.

Urriaren 31tik azaroaren 23ra egin dira aurten Euskal Antzerki Topaketak eta Udalak esan du "erantzun ona" jaso dutela aurtengo edizioan ere. Bataz beste, "220-350 lagun inguru izan dira obra guztietan" eta hori "benetan eskertzekoa" dela adierazi dute. Bi estreinaldi izan dira aurtengo topaketetan, eta "ezberdinak, aberatsak eta arrakastatsuak" izan direla jakinarazi dute Udaleko ordezkariek. Antzerki ziklo berria ere izan da aurten Gaztetxean, eta haren balorazio "oso positiboa" egin dute.