Urteko azken elkarretaratzea egingo du LABek abenduaren 4an

Uztarria.eus 2014ko aza. 26a, 18:29
Elkarretaratzearen kartela.

Herrialde mailako hitzarmenak aldarrikatzeko egingo dute ekitaldia. Behin-behinean, plazan izango da elkarretaratzea, 18:30ean, baina obrak direla-eta, zehazteko dago tokia. 

LAB sindikatuak urteko azken elkarretaratzea egingo du abenduaren 4an, herrialde mailako lan-hitzarmenak aldarrikatzeko. Lekua zehaztu gabe dagoen arren, plazan jarri dute hitzordua, 18:30ean. Sindikatuaren arabera, garrantzitsua da herrialde mailako lan-hitzarmenak sustatzea; izan ere, enpresaz enpresako kontratuetan "gero eta okerragoak" dira baldintzak.

LABen hitzetan, langile askok "babes osoa" galdu dute, eta metalgintza da adibide garbienetakoa. Herrialde mailako lan-hitzarmenek, besteak beste, urtean egin beharreko lanordu kopurua zehazten dute; eta, LABen arabera, beharrezkoa da hori finkatzea, enpresa askotan gora egin baitu zifrak. Hori dela eta, sindikatuaren ustez, zereginak langile gutxi batzuen artean banatzen dira, eta lan gutxi dagoela esaten dute enpresariek.

Hori guztia salatzeko eta lurraldeko hitzarmenen garrantziaren berri emateko bilduko dira LABeko kideak plazan, eta "borroka horretan" lanean jarraituko dute, "kalean eta Adegiren aurrean". Beraz, herritar guztiei egin diete dei, beraiekin batera, parte har dezaten aldarrikapenean.