Bidaia luze batetik bueltan

Urola Kostako Hitza 2014ko aza. 26a, 12:05
Mari Angeles Artola. (Miriam Tamayo)

35 urte igaro dira Mari Angeles Artolak Azpeititik Iparraldera alde egin zuenetik, eta 30 urte, Frantzian atxilotu eta Venezuelara deportatu zutenetik. Orain, hiru hilabeterako etorri da Azpeitira. Atzoko Berria egunkarian ere Artolaren inguruko erreportajea kaleratu zuten.

Ezagutzen al nauzu? Hori da Mari Angeles Artolari gehien egiten dioten galdera. 35 urte pasatu ditu Azpeititik kanpo, eta jendea asko aldatu da ordutik: "Askotan hotzikara txikiak sentitzen ditut. Izan ere, jende asko gerturatzen zait, eta ni ez naiz haietaz gogoratzen", esan du Artolak.

Hala ere, "oso babestuta" sentitu dela azpimarratu du azpeitiarrak: "Senideek esan zidatenaren arabera, harrera intimo bat izango zen ailegatu nintzen igandekoa. Baina, autotik atera eta jende pila bat zegoela ikusi nuen. Ahizpa eta iloba besoetatik heldu eta aurrera jarraitu genuen. Oso harrituta geratu nintzen". Lehen egunaren ondoren guztia "bere onera" etortzen ari dela dio Artolak. Izan ere, pixkanaka Azpeitiko txoko eta bazter guztiak berraurkitzen ari da: "Azpeitian etxebizitza asko daudela ohartu naiz; lehen ez zegoen ia ezer. Hala ere, herriko plazak eta nire etxeak ohiko lekuan jarraitzen dute", zehaztu du irribarrez. Diruarena ere aldaketa handia izan da berarentzat. Venezuelara joan aurretik pesetak erabiltzen ziren Azpeitian, eta gaur egun "euroak erabiltzen ikasi behar", dio.

1979an egin zuen ihes Iparraldera. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta Frantziak Venezuelara deportatu zuen 1984an. Gaur egun libre da batetik bestera ibiltzeko.

Orain, itzuleran, herrian egon diren mugimenduak azpimarratu nahi ditu: "Oso harrituta nago gaur egun indarkeria matxistaren aurka egiten diren ekitaldiekin. Gure garaian borroka handia suposatzen zuen gai horren inguruko hitzaldiak antolatzeak eta, orain, berriz, munduko gauzarik ohikoena bihurtu da".

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.