Jarraitu kazetaritzaren inguruko mahai-ingurua Twitterrez eta streaming bidez

Uztarria.eus 2014ko aza. 25a, 19:05

Sanagustin kulturgunera joaterik ez dutenek, Kazetaritza gaur egun. Komunikatzeko moduak, tresnak, subjetuak... hitzaldia zuzenean jarraitu ahal izango dute Internetez. Izan ere, Erlo Telebistak zuzenean emango du solasaldia streaming bidez eta Uztarriak ere jarraipena egingo du Twitterren, #Uztarriak15 traola erabilita.

Enekoitz Esnaola Berria-ko kazetaria, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetaria, Nekane Zinkunegi Info7-ko kazetaria eta Luistxo Fernandez Codesyntax enpresako kidea izango dira hizlariak. Moderatzaile lanak, berriz, Eneritz Albizu Uztarriako kazetariak egingo ditu. 19:30ean hasiko da hitzaldia, Sanagustin kulturgunean.

15 urte bete ditu Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak hilabete honetan. Horren harira antolatu du mahai-ingurua Uztarria Komunikazio Taldeak.