Gaur egungo kazetaritzaz mahai-ingurua antolatu du Uztarriak astearterako

Uztarria.eus 2014ko aza. 21a, 11:33

Enekoitz Esnaola Berria-ko kazetaria, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetaria, Nekane Zinkunegi Info7-ko kazetaria eta Luistxo Fernandez Codesyntax enpresako kidea izango dira hizlariak. 19:30ean hasiko da solasaldia, Sanagustin kulturgunean. Erlo telebistak streaming bidez zuzenean emango du mahai-ingurua.

15 urte bete ditu Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak hilabete honetan. Horren harira, eta kazetaritzak urteotan izan dituen aldaketak-eta kontuan hartuta, Uztarria Komunikazio Taldeak mahai-ingurua prestatu du datorren astearterako, hilak 25.  

Kazetaritza gaur egun. Komunikatzeko moduak, tresnak, subjetuak... izenburupean izango da solasaldia 19:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Enekoitz Esnaola Berria-ko kazetaria, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetaria, Nekane Zinkunegi Info7-ko kazetaria eta Luistxo Fernandez Codesyntax enpresako kidea izango dira hizlariak. Moderatzaile lanak, berriz, Eneritz Albizu Uztarriako kazetariak egingo ditu. Erlo telebistak streaming bidez zuzenean emango du mahai-ingurua eta atari honetan, Uztarria.com-en, ere ikusi ahal izango da zuzenean.

Bestalde, Uztarriak kaleratzen dituen bestelako produktuen 25.a aurkeztuko du Uztarriak hilaren 27an, osteguna, Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera: Mugarria ikus-entzunezkoa, hain zuzen. Yuri Agirre azpeitiar kazetariak egin du ikus-entzunezkoa.

Uztarriaren azaroko zenbakian aldizkariaren 15. urteurrenaz eta 25. produktuaz egindako erreportajea irakurri daiteke.

Hemen 'Mugarria'-ren aurrerapen bideoa.