Markel Olanok Azpeitian igaro du eguna, Aitor Gorrotxategik lagunduta

Uztarria.eus 2014ko aza. 20a, 17:46

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko EAJren hautagaia Azpeitian izan da gaur, osteguna, Aitor Gorrotxategi EAJren Azpeitiko alkategaia lagun zuela. "Herriaren errealitatearen berri izateko eta azpeitiarrei eragiten dieten arazoak zein etorkizunera begira dituzten erronkak protagonisten ahotik jakiteko" izan da Azpeitian Olano.

Goizean Piensos Bastida eta Azcue y Cia enpresetan izan dira Olano eta Gorrotxategi, eta Lapatxera ere joan dira. "Pentsu fabrikaren ahalmena eta dinamismoa, produktu lehiakor eta kalitateko batekin punta-puntakoa da Europa mailan", esan du Olanok Piensos Bastidara egindako bisitaren harira. Ildo beretik, Azcue enpresa berriro irekitzeko lanetan ari direla eta, babesa adierazi die abian jartzeko lanean ari direnei eta azpimarratu du "langile horiek euren aurrean dituzten arazo eta zailtasunez haratago, garbi agertzen da elkarlana eta konpromisoa direla Azpeitiko eta Gipuzkoako etorkizun industrialaren oinarriak, eta ez konfrontazioa". Olanok dioenez, "ez dugu ahaztu behar industria dela lurraldean aberastasuna eta lan postu gehien sortzen duena, zehazki, Gipuzkoako enpleguaren %85. Era berean, industria ezinbestekoa da ongizate maila eta gizarte politikak mantentzeko".

Goiz partean, bestalde, Soreasu eraikinean ere izan dira Olano eta Gorrotxategi. Azken horren hitzetan, "ekipamendu modernoa, erreferentzia-puntu eta kultur proiektu berrientzat dinamizazio eta sorrera-leku izan behar duena" da Soreasu. "Gainera, barruan dituen guneak eta ekipamenduak egokitzearen eta osatzearen aldeko apustua egiten dugu, kultur azpiegitura horren eta Sanagustin kulturgunearen artean jarduerak, kontzertuak eta erakusketak bultza ditzaten. Horrek herrigune historikoa berpizteko eta bultzatzeko balioko du", esan du.

Arratsaldean Azpeitiko merkataritza sektorearen errealitatez aritu dira Bertan elkartearen ordezkariekin egindako bileran. Ondoren, Atzegiren Antxieta Etxean eta Madalenako ospitale berrituan izan ziren.

Eguna bukatzeko Burdinbidearen Euskal Museora egin dute bisita. Gorrotxategik azaldu duenez, "iman bat da museoa bisitari ugarirentzat, eta Azpeitiak turismo aldetik duen erakargarritasuna balioan jartzen du". Museoko zuzendariak trenaren historiaren eta bertako tren bildumaren berri eman zien Olano eta Gorrotxategiri.