Azpeitiko Sortu: "Edozein biolentziak sortu duen biktima guztien aitortza egiten dugu"

Uztarria.eus 2014ko aza. 4a, 21:14
Azpeitiko Sortuko kideak gaur arratsaldean eskaini duten prentsaurrekoan.

Azpeitiko Sortuko kideek agerraldia egin dute gaur, asteartea, "konponbidearen eta bakearen bidean, giza eskubideak, oroimena eta elkarbizitza" aldarrikatzeko. Horrekin lotuta, zenbait biktimarekin eta euren senitartekoekin izan duten "sentsibilizazio faltaren" autokritika egin dute. Sortuko kideen arabera, "herriaren eta herritarron etorkizuna guztion artean" eraikitzeko garaia da.

Azpeitiko Sortuko kideek agerraldia egin dute gaur, asteartea, "konponbidearen eta bakearen bidean, giza eskubideak, oroimena eta elkarbizitza" aldarrikatzeko. Sortukoek azaldu dute "elkarbizitza egoki baterako" beharrezkoa dela herritar guztien giza eskubideen errespetua ziurtatzea: "Biktima gehiagorik gabeko Azpeitia nahi dugu, sufrimendu eta samin gehiagorik gabekoa, jazarpen eta mehatxu gehiagorik gabekoa, ohe hutsik gabeko Azpeitia nahi dugu etorkizunean, asteburuan ehundaka kilometro egin beharrik ez dutenen Azpeitia, giza eskubide guztien errespetua ardatz duen Azpeitia".

Sortukoen ustez, horretarako beharrezkoa da "gertatutakoaren oroimena gordetzea eta zaintzea". "Gure herrian gertatu direnak oso larriak izan dira, eta hamarkada luzez izugarrizko sufrimendua eta samina eragin du herritarrongan, bereziki zuzenean sufritu behar izan dutenengan. Biktimen zerrendak gutxienez 1936. urteetan sustraitzen dira, eta hilketak, torturak eta mehatxuak orain gutxira arte bizi izan ditugu", gaineratu dute.

Azpeitiko Sortuko ordezkariek esan dute hori dela "errepikatu nahi ez" duten errealitatea, eta "atzera ezina den" bake eta elkarbizitza eraikitzen ari direla: "Zalantzarik gabe, gure elkarbizitzaren konpromisoa biktima guztiak onartzetik abiatzen da, edozein biolentziak sortu duen biktima guztien aitortza egiten dugu; bai espainiar eta frantziar estatuen biolentzia politika eta gerra zikina-k eragindakoak, baina baita ETAren jarduera armatuak eragindakoak ere".

Jarreraz autokritika

Horrekin lotuta, zenbait biktimarekin eta euren senitartekoekin izan duten "sentsibilizazio faltaren" autokritika egin dute, zenbait momentutan eurengana gerturatzen ez dutela jakin eta ez dutela behar bezala jokatu esanda. "Gatazkaren ondorioz gorrotoa eta ezinikusia presente egon dira herritarron artean, baita Azpeitian ere. Errealitate hori aldatzeko, elkarbizitza demokratiko eta normalizatu bat sustatzeko, oroimenaren ahanzturarik gabe, egian oinarrituta eta denon artean egiteak duen garrantziaz ohartaraztea nahi dugu", azaldu dute Azpeitiko Sortukoek.

"Sortu diren zauriak sendatzeko" eta hainbat urtetan "gure artean izan ditugun gorrotoa eta ezinikusia" alde batera uzteko, "zaila bada ere, ahalegin, indar eta tresna guztiak" jarriko dituztela esan dute: "Hori da gure apustua, hori da gure konpromisoa eta horretan ari gara".

Sortuko kideen arabera, "herriaren eta herritarron etorkizuna guztion artean" eraikitzeko garaia da: "Elkarrekin bizi behar dugu eta elkarrekin egin behar dugu aurrera, elkarlanean, elkartasunean, eta gutxieneko elkarrenganako errespetuan". 

Konponbidea eta bakea "nahi eta behar" direla uste dutelako, gaurtik hasita "giza eskubideen errespetuan" oinarrituta egin nahi dutela bidea adierazi dute, horretarako "oroimen kolektiboa eta eragindako sufrimenduaren aitortza oinarri" hartuta.