Iban Arregi: "Denok egon behar dugu sendo sektorea garatu nahi badugu"

Gipuzkoako Hitza 2014ko urr. 31a, 09:23

Jaurlaritzaren erabakiaren ondorioz Berria Taldeak "nahikoa babes ez" duela-eta kezkatuta dago Iban Arregi kontseilari ordezkaria (Azpeitia, 1975), itolarriak nekez emango baitio arnasa euskarazko hedabideen sektoreari. Diru laguntzen irizpideak ezarri aurretik, gainera, sektorearen eragileek estrategiari buruz gogoeta egin eta erabakietan ados jarri beharra dagoela uste du, eta Berria-k horretan eragin nahi du hizkuntz normalizazioa lortze aldera.

210.000 euro gutxiago eman dio aurten Jaurlaritzak BERRIAri. "Kolpe handia" dela diozu.

Berria-rentzat handia, bai. Kontuan hartuta lehendik zein ahalegin egiten ari garen lantalde bezala, soldatak jaitsita, lantaldea gutxituta; baina, hori dena kontuan hartuta, berrikuntza prozesu batean sartuta gaude, ilusioz proiektuak aurrera ateratzen. Egunotan berrikuntzez hitz egiten aritu beharko genuke, eta, horren ordez, aurten egoerari nola aurre egin eztabaidatzen ari gara. Aurrera begira babesgabetasun handia eragiten du, orain artekoa baino are handiagoa. Gainera, kontuan hartu behar da bide bat marka dezakeela jaitsierak. Hori da larriena. Aurten, 210.000 euro izan dira. Nork esaten du hurrengo urtean ez dela beste horrenbeste izango?

Multzoen aldaketa, irismena eta BERRIAren aurrekontuen jaitsiera aipatu ditu Jaurlaritzak argudio gisa.

Zaku berean sartu ditu tokikoak, ordainpekoak, doakoak eta Berria, dioenez, ponderatuta, baina guk ez dugu ezagutzen ponderazio horiek zein izan diren. Su handiena, berriz, eman zaio une honetan norberak duen irismenari, eta guretzat irismena kontuan hartzeko gaia da, baina helburu bezala jarrita. Eta ez gaur egun dagoena aintzat hartuta. Irismena oinarri sendorik gabeko eduki eta termino teknikoetan bakarrik neurtzen bada, Berria babesik gabe dago. Eta aurrekontuaren gaiari erantzunez, iaz 2012an baino aurrekontu txikiagoa izan genuen, eta gehiago jaso genuen.

Elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.