Oinatz Elkarte Animalistak esan du ez duela igandeko protestarekin "zerikusirik"

Uztarria.eus 2014ko urr. 29a, 13:18

Oinatzekoek azaldu dutenez, "elkarteak ez zuen igandeko protesta ez antolatu, ez babestu". Herriko animalisten ustez, "ekintza horrek elkarteak hartutako lan-ildo baketsuari eta orain arte egindako kontzientziazio lanari kaltea besterik ez dio eragin, herrian giro txarra eta tentsioa sortuz".

Oinatz Elkarte Animalistak oharra kaleratu du gaur, asteazkena, pasa den igandean talde batek Zezen Beltz asteburuaren baitako zezen bolaztatuetan egindako protestaren harira. Herriko animalisten azaldu dutenez, "ez dute zerikusirik" igandean gertatutakoarekin: "Oinatz Elkarte Animalistak ez zuen igandeko protesta ez antolatu, ez babestu". Elkartekoen ustez, "ekintza horrek elkarteak hartutako lan-ildo baketsuari eta orain arte egindako kontzientziazio lanari kaltea besterik ez dio eragin, herrian giro txarra eta tentsioa sortuz".

Protesta Okupa Tordesillas Euskadi taldeak egin zuela esan dute, eta Oinatzeko kideren batek protestan parte hartu badu, "bere kontura hartu duela eta ez taldearen izenean" gaineratu dute. Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, Zezen Beltzen asteburuaren harira egin duten protesta ekintza bakarra plazan Abereei tratu txarrik ez lelodun pankarta jartzea izan da: "Kalean agertu diren kartelak ez dira Oinatz elkarteak eginak. Oinatzek bere kartelak beti izenpetzen ditu eta elkartearen logoa izaten dute".

Dena den, elkarteak "begi txarrez" ikusten ditu inguruan animaliekiko errotuta dauden hainbat jarrera "oldarkor": "Animaliek merezi duten errespetua kontuan hartu gabe, hainbat pertsonen dibertimendurako erabiltzen direla animaliak. Guretzat onartezina da hori, eta taldeak bere kanpainak egiten jarraituko du, beti ere, Oinatz elkartearen izena garbi azalduz eta edonork jakin dezan zertan ari garen".