Sarcoil enpresan izandako lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu du Azpeitian Bizi eta Lan taldeak

Uztarria.eus 2014ko urr. 29a, 12:56

Bihar, osteguna, 19:00etan izango da elkarretaratzea, plazan. Lan istripu gehiago ez! Lan baldintza duinak herritarrontzat lelopean egingo dute kontzentrazioa. Azpeitian Bizi eta Lanekoek "lan baldintza duinak" eskatu dituzte.

Atzo, asteartea, Sarralleren Sarcoil enpresan jazotako lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu du Azpeitian Bizi eta Lan taldeak. Bihar, osteguna, 19:00etan izango da kontzentrazioa plazan, Lan istripu gehiago ez! Lan baldintza duinak herritarrontzat lelopean.

Azpeitian Bizi eta Lan taldeak "krisiaren eraginpean eta Espainiatik datozen lan erreformak baliatuz" langileen eskubideen aurka ematen ari den "jazarpenarekiko kezka" agertu du. "Bide horretan,  zehazki, Azpeitiko Sarralle enpresa urrats esanguratsuak ematen" ari dela esan dute. Bide horretan, Azpeitian Bizi eta Lanekoek "lan baldintza duinak" eskatu dituzte: "Prekarietateak dakartzan ondorioetan okerrenetakoa sufritu behar izan du kasu honetan herriko gazte batek; segurtasun faltaren ondorioz lan istripua. Hori dela eta, ezinbestekoa iruditzen zaigu prekarietatearen aurka herritarrok kalera atera eta 'nahikoa da!' esatea". 

Herritar taldeak "babesa" azaldu die zauritutako langileari eta bere ingurukoei.