Herriko euskarazko hedabideak diruz laguntzea aho batez onartu dute Udalean

Uztarria.eus 2014ko urr. 8a, 14:24

Uztarria Komunikazio Taldearen, Urola Kostako Hitza-ren eta Erlo telebistaren diru-laguntza zuzenak arautzeko hitzarmenez aritu ziren atzo udalbatzarrean. Udaleko hiru (Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek) eman zuten hedabideek Udalarekin hitzarmena sinatzearen aldeko botoa. Hori dela eta, Uztarria Komunikazio Taldeak 31.583,26 euro jasoko ditu 2014. urtean.

Atzo, asteartea, egindako udalbatzarrean hizpide izan zituzten, beste hainbat gairen artean, Uztarria Komunikazio Taldearen, Urola Kostako Hitza-ren eta Erlo telebistaren diru-laguntza zuzenak arautzeko hitzarmenak. Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek (Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek) eman zuten hedabideek Udalarekin hitzarmena sinatzearen eta horiek diruz laguntzearen aldeko botoa.

Udaleko alderdiek eskatuta, eta diru-laguntza horien azterketa egin behar zela argudiatuta, hiru hedabideetako ordezkariak Kultura batzordean izan ziren joan den maiatzean euren proiektuen nondik norakoak azaltzen. Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuenez, ez dute bilkura hartaz geroztik alderdien ekarpen edo aldaketa proposamenik jaso, eta hitzamenak "bere horretan" mantentzearen alde agertu zen Bildu. Etxeberriaren aburuz, "estrategikoa da euskara eta hedabide hauek ere bai. Aldeko apustua egiten dugu, nahiz eta gustatuko litzaigukeen gehiago egitea".

EAJk eta Hamaikabatek ere hitzarmenen aldeko botoa eman zuten. Aitor Gorrotxategi jeltzaleen bozeramaileak hitza hartu zuen, eta hedabideetako ordezkariei "eskerrak" eman zizkien batzordera joan eta azalpenak emateagatik: "Onartzen ditugu hitzarmenak, eta eskertzen dugu batzordera etorri izana, hala gertuagotik ezagutu ahal izan ditugu-eta proiektuak. Jarraipena eskatzen du horrek, ordea, eta debatea ere bai. Gauza bat da beraiek -hedabideek- etorri eta gu beraiekin eztabaidan aritzea, baina barne eztabaidak ere egon behar du Udaleko alderdien artean. Ekarpenak egiteko eztabaida, hain zuzen. Hitzarmenez hitz egin behar da". Horrez gain, "euskara estrategikoa" dela adierazi zuen Gorrotxategik eta, eztabaidatuta eta jarraipen handiagoa eginda, "ados nago gehiago eman badaiteke, gehiago emateko", erantsi zuen.

Horrenbestez, hitzarmenak sinatutakoan Uztarria Komunikazio Taldeak 31.583,26 euro jasoko ditu abian dituen komunikazio proiektuetarako, eta bestelako produktuak kaleratzeko 2.463 euro. Urola Kostako Hitza-k 27.000 euro jasoko ditu, eta 6.000 euro Erlo telebistak.