Udal zergak eta tasak bere horretan mantenduko dira 2015ean

Uztarria.eus 2014ko urr. 8a, 12:39

Udalak 2015. urterako zerga, tasa eta prezio publikoak onartu ditu, aho batez. Izoztu egingo dituzte, eta krisiaren eragina, ekonomia suspertzeko eta ingurumenaren aldeko neurriak, eta zerbitzu publikoen jasangarritasuna dira zergak ezartzerakoan kontuan hartu dituzten irizpide nagusiak.

Datorren urtean Azpeitian indarrean izango diren udal zerga, tasa eta prezio publikoak onartu zituzten atzo, asteartea, ohiko udalbatzarrean, aho batez. Datorren urtean 2014ko kopuruak mantentzearen alde bozkatu zuten Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek, eta aktibitate ekonomikoan eta herritarren ongizatean sakontzeko neurriak hartuko dituzte. Tasak-eta izoztu egingo dituzte, iazko abuztutik aurtengo abuztura KPIak %-0,5 egin duelako behera. Hori dela-eta, Ondasun Higiezinen Zergak (OHZ), kiroldegiko eta zaborraren tasek eta ibilgailuen zergak bere horretan izango dira 2015ean.

2014rakoak onartzerakoan ezarritakoari segida emanez, krisiaren eragina, ekonomia suspertzea eta zerbitzu publikoen jasangarritasuna dira zergak ezartzerakoan kontuan hartu dituzten ardatz nagusiak. Eneko Etxeberria alkateak adierazi zuenez, "tasak-eta ez dira soilik dirua biltzeko tresna, politika ekonomiko aurrerakoiak, herritarren bizi baldintzak eta justizia sozialean sakontzeko tresnak ere badira. Horregatik, garrantzitsua da ekitatearen, progresibitatearen eta birbanaketaren aldeko apustuak egitea, gehien duenak gehiago ordain dezan, gutxien duenaren mesedetan".

Hobariak eta laguntzak

Langabetuek, iritsi ezin direnek, eta familia ugariek laguntzak izango dituzte Kirol Patronatuan, Euskara Patronatuan eta Gizarte Zerbitzuetan. Tasei aurre egiteko laguntzak, berriz, Gizarte Zerbitzuetatik bideratuko dituzte: egoera sozial eta ekonomiko larria dutenei, hobariak eta ordainketen atzeratzeak aplikatuko dizkiete. Familia ugarien kasuan, aldatu egin zuten laguntza sistema iaz, eta familia ugari izaera ez ezik, familia horien diru-sarrerak ere kontuan hartzen dituzte. Etxeberriaren aburuz, "egokia" izan da planteamendua eta horri eutsiko diotela azaldu du, "kuota sistematik errenta errealera sistema kontsolidatzea" nahi dutelako.

Ingurumenaren aldeko neurriak sustatzeko, aurten ere kotxe elektrikoak edo hibridoak erosten dituztenei %50eko hobaria ezarriko zaie zirkulazio zergan; eta auzo edo autokonposta egiten dutenentzat ere mantendu egingo dute %25eko hobaria, kasu honetan zaborren tasan.

Ekonomia jarduera suspertzeko eta krisi egoerari aurre egiteko hainbat neurri onartu zituzten atzokoan:

  • Komertzio berriak zabaltzen dituztenek edo berrikuntzak egiten dituztenek obra lizentzietan %75eko hobaria izango dute.
  • Industriarako ibilgailuei (kamioiak, erremolkeak, autobusak eta traktoreak) igoerarik ez zaie aplikatuko.
  • Industriarako hobariak banaka-banaka eta kasuz kasu aztertuko dituzte.
  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan %50eko bonifikazioa izango dute egoitza bezala Azpeitia aukeratzen duten enpresa berrientzat.
  • Alokairua sustatzeko, etxebizitza hutsen OHZri %50eko errekargua ezarriko diote 2015ean ere.
  • Baserritarrek, bertako produktuak saltzen dituztenek, %50eko hobaria izango dute.
  • Higiezin industrialen kasuan, orain ordaindu ezin dituzten enpresei zergak atzeratzea.