"Injustiziaren, sufrimenduaren eta memoriaren" aitortza Nuarben

Uztarria.eus 2014ko ira. 29a, 14:09

Zapatuan, irailak 27, Angel Otaegi omendu zuten hainbat lagunek, Francoren erregimenak Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakidea eta FRAPeko beste hiru kide hil zituen 39. urteurrenean.

Ekitaldia Nuarbeko auzo batzarrak antolatu zuen, eta Otaegi zena jaio zen etxearen aurrean egin zuten. Hasieran, Jose Luis Otamendik olerkiak irakurri zituen, eta Imanol Ubedak abesti batzuk kantatu. Gero, familiari aurreskua egin zioten, eta lora sorta bat jaso zuten Otaegiren senitartekoek. Ekitaldiari bukaera emateko Nuarbeko auzo batzarraren izenean testu bat irakurri zuten. Auzo batzarrean idatzitako testuan "injustizia eta sufrimenduaren aitortza eta memoria" aldarrikatu zituzten.

Bertan izan ziren Otaegiren familiakoak, lagunak, auzotarrak eta hainbat erakudetako ordezkariak. Hala nola, Nuarben izan ziren Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta hainbat zinegotzi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoren zuzendari nagusi Marina Bidasoro eta Lurralde Antolaketa diputatu Iñaki Errazkin eta Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzako idazkaritzan aholkulari Aintzane Ezenarro. 

Hemen Nuarbeko auzo batzarrak irakurritako testua:

"1975eko irailaren 26ko iluntzean, betirako markatuko gintuen mezu batekin etorri zen Guardia Zibila Nuarbera. Sargentoa, Inazio Urtuzagari zuzendu zitzaion eta Angel Otaegi, gure auzokidea, hurrengo eguneko goizeko zortziak aldera hilko zutela esan zion. Eta, berri hori, ahalik eta modu suabeenean esateko bere amari, Maria Otaegiri.

Garestu ordainduko zuen Angelek Euskal Herria maitatzea eta diktadura frankistaren aurka borrokatu izana.

Denontzat izan zen kolpe gogorra berri hura. Baina, nola esan ama bati modu suabean bere seme bakarra hil behar diotela? Ezin dugu imaginatu ere egin zer pairatu behar izan zuten Angelek eta Marian egun haietan. Berria jakin zuenean, urduritasun krisi batek jo zuen Maria. Nuarbetarrok, ordea, ez genuen bakarrik utzi eta bertako koadrila batek lagunduta joan zen Burgosera. 

Han elkartuko ziren azlen aldiz Maria eta Angel, ama eta semea. Ez zuten denbora askorik izango, ordea, elkar agurtzeko. Bost edo hamar minutu. Mariak nahikoa lan ba omen zuen zutik mantentzeko eta zazpi militarren begiradapean hala esan omen zion Angelek: "Ama, zu lasai ibili eta burua tente eduki; eta ez etxean geratu, lotsatzeko arrazoirik ez daukazulako. Nik ez dut inor hil, baina ni hil egingo naute. Euskal Herriarengatik odola emango dut nik".

1975eko irailaren 27an afusilatu zuten militar frankistek gure auzokidea zen Agel Otaegi, Burgosen.

Eta, gaur, Angel Otaegi zenaren etxe aurrean ozen esan nahi dugu: Angelen ama zena, Maria Otaegi, bizi izan zen bitartean semeaz harro bizi izan zela, baita bere senideak ete. Eta, nola ez, Angel ezagutu genuen Nuarbeko auzokideok ere, ez dugula Angelez losatzeko arrazoirik.

Alderantziz, bere etxe atarian bildu gara, 39 urte beranduago, Angel Otaegi oroitzeko eta Angelek ete bere ama Mariak jasandako injustizia salatzeko. Ia lau hamarkada hauetan debekuak eta jazarpenak ugariak izan diren arren, urtero gogoan dugu, modu batean edo besteak, afusilatua izan zen egunaren urtemuga eta hilerrira ere bisita egiten diogu, bera oroitzeko.

39 urte hauetan gogoan izan dugu, bai, baina gure gogoetatik plazara ateratzeko ordua da. Hemen injustiziak eta sufrimenduak, arrastoa utzi dute beste hainbeste herri, auzo eta etxetan utzi duten moduan, eta ez litzateke gizalegezkoa errelitate horri bizkar eman eta beste aldera begiratzea.

Hemen bildu garenok, injustizia eta sufrimendu horren aitortza eta memoria aldarrikatzen ditugu. Herri batek ezinbestekoa du bere iragana ezagutzea, eta gertatutakoa jakitea etorkizuna izango badu. Eta, gaur, etorkizuna eraiki nahi dugunok elkartu gara Nuarben. Justiziaren eta egiaren zimenduan gainean eraiki nahi dugulako, bakean eta askatasunean biziko den Nuarbeko auzo xume hau.

Ez adiorik Angel eta Maria Otaegi!

Mila esker guztioi!

Angel Otaegiren senide, lagun eta auzokideak"