Harri-jasotze erronka jokatuko dute Aimar Irigoienek eta Izeta IV.ak urriaren 4an

Uztarria.eus 2014ko ira. 26a, 17:53
Argazkian, Etxeberria, Irigoien, Izeta IV.a eta Jauregi. (Urola Kostako Hitza)

Herriko zezen plazan jokatuko dute apustua, eta hamar minutuko hiru txanda egingo dituzte harri-jasotzaileek. Irigoienek 152 kiloko kubikoa erabiliko du, eta Izeta IV.ak 137,5 kilokoa. 

Aimar Irigoienek eta Izeta IV.ak harri-jasotze apustua jokatuko dute, urriaren 4an, 18:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Hamar minutuko hiruna txanda egingo dituzte harri-jasotzaileek honako kubikoekin: 152 kilokoa Irigoienek, eta 137,5 kilokoak Izeta IV.ak. Zozketaz erabakiko dute erronkarekin nor hasiko den. Apustua egiteko, kirolari bakoitzak 8.000 euro jokatu ditu.

Beraz, bihar zortzi jokatuko da erronka, eta sarrerak 35 eurotan salduko dituzte. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen aburuz, herria suspertzeko modu ona izango da proba, eta bisitariak Azpeitian kontsumitzera bultzatuko ditu.

Herrian adostu zuten erronka Irigoien errezildarrak eta Izeta IV.a zarauztarrak. Martxoaren 29an hitzartu zuten apustua, Mendizabal erretegian.