Ahanzturaren kontrako oroigarria

Uztarria.eus 2014ko ira. 22a, 15:00

1936ko gerra aurreko Azpeitiko Udaleko azken korporazioa osatu zutenak eta garai hartako udal langileak gogora ekartzeko plaka jarrita dago udaletxeko sarrera ondoan joan den zapatutik. Irailaren 20an inauguratu zuten oroigarria, Francoren aldeko tropak 1936ko hartan Azpeitian sartu ziren data berean, hain zuzen.

Gaur egungo udal eta alderdietako ordezkariez gain, diktaduraren aurreko azken udal korporazio hartako kideen ondorengo asko elkartu ziren Sanagustinpean zapatu eguerdian. Tartean, Errepublika garaiko azken alkate izan zen Ciriaco Agirre Zinkunegiren alaba Begoña eta haren biloba; bien artean bistaratu zuten plaka, Eneko Etxeberria alkatea eta Javi Buces Aranzadi Elkarteko ikertzailea ondoan zituztela.

Uztaileko udalbatzarrean onartu zuten orain jarri duten plaka jartzea, Udalak eta Aranzadik memoria historikoa berreskuratzeko sinatutako akordioarekin eta lanekin lotuta. Maiatzeko Uztarria aldizkarian gai horren gaineko erreportajea argitaratu zen.