Catak Fagor erosita, ikusteko dago Grumaleko langileen etorkizuna

Uztarria.eus | Ekonomia
2014ko uzt. 29a, 13:35

Gaur eguerdian jakin da Cata enpresa kataluniarrak irabazi duela Fagor Etxetresnak erosteko enkantea. LABek igorritako oharraren arabera, Grumal enkantetik kanpo gelditu da "likidazioa beranduago gauzatuko delako", eta ELAk, berriz, eskatu du "negoziazio-batzordearekin egindako akordioa oso-osorik betetzea".

Gaur eguerdian jakin da Cata enpresa kataluniarrak irabazi duela Fagor Etxetresnak erosteko enkantea. Pedro Malagon Donostiako Merkataritza epaitegiko titularrak CNA (Cata) taldearen eskaintza hobetsi du hainbat arrazoigatik: 42,5 milioi euro eta 705 enplegu sortzea aurreikusten duelako. Cevital zen bigarren erosle posiblea, baina honen eskaintza gainditu du Catak, talde aljeriarrak 28 milioi euro eta 500 lanpostu eskaini baitzituen.

Fagor Etxetresnak, Aspes eta Splendid markek aurrera egingo dute etxetresnen merkatuan. Basauriko Edesa ere Cataren esku dago epailearen oniritziaren ondoren. Edesan ere jarduera hasteko aukerak daude, baina Catak eta Ecomac konpainia txiletarrak egin dezaketen akordioaren menpe, hein handi batean.

LABek igorritako oharraren arabera, Grumal enkantetik kanpo gelditu da "likidazioa beranduago gauzatuko delako". Ikusteko dago, beraz, Grumalekin zer gertatuko den. Ekainean enpresak eta kooperatibak lortu zuten aurreakordioaren arabera, eroslea edozein izanda ere, Grumaleko 122 langileen postuak mantendu beharko lituzke erosleak. ELAk horixe eskatu du, "negoziazio-batzordearekin egindako akordioa oso-osorik betetzea" eta enplegua hautatu zuten 122 pertsonak "lehenbailehen eta negoziatutako baldintzetan" hartzea. "ELAk adi jarraituko du Catak hartu dituen konpromisoak benetan aintzat hartzen dituen; espero dugu hau eperik laburrenean gauzatzea" adierazi du sindikatuak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu