Mikel Larrañaga: "Mailari eusteko asmoarekin joan nintzen finalera, eta sorpresa polita izan da garaipena"

Uztarria.eus | Kirolak
2014ko uzt. 29a, 10:35

Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkolari txapelketa irabazi zuen Mikel Larrañagak zapatuan, Mendaroko Goñati pilotalekuan. Herrialdeko lehen mailan urtebete soilik eginda, ezusteko ona izan da aizkolariarentzat lorpena.

Larrañaga, zapatuko finalean. (Ibon Errazu)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Mikel Larrañagak ez zuen "pentsatu ere egiten" Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkolari txapelketa irabazteko aukerarik zuenik, ostiral iluntzean. Zapatuan, ordea, Gipuzkoako aizkolarien txapel preziatua jantzi zuen azpeitiarrak Mendaron (Gipuzkoa), eta azken urteetako uzta jaso zuen.

Joan den urtean egin zuen jauzi Larrañagak bigarren mailatik lehen mailara, eta urtebetean gain hartu die Jose Mari Olasagasti edo Iñaki Azurmendi bezalako kirolariei. Mendaroko Goñati pilotalekuan jokatu zuten finala, eta bost aizkolarik hartu zuten parte. Hemen sailkapena, osorik:

  1. Mikel Larrañaga
  2. Jose Mari Olasagasti
  3. Iñaki Azurmendi
  4. Joseba Otaegi
  5. Unai Otaño

Emaitza horietan oinarrituta, Unai Otaño jaitsiko da bigarren mailara, eta gainontzekoek lehen mailari eutsiko diote. Izan ere, lehen maila utzi behar zuen hamar enborrak mozten azkena amaitzen zuen aizkolariak; eta Otañori suertatu zaio, aurtengoan. Lehen enborra mozterakoan, Olasagastik aurre hartu zien gainontzekoei, baina hirugarren enborrean, Larrañaga jarri zen aurretik, eta bosgarrenetik aurrera ikusi zuten Mendaron zeudenek azpeitiarraren eta Igeldokoaren artean zegoela txapela. Mozteko bi kanaerdiko falta zirela, Larrañagak ia eskura zuen jada garaipena.

Hala ere, lehen mailari eustea zen Larrañagaren xedea, hots, azken postuan ez amaitzea: "Ni mailari eusteko asmoarekin joan nintzen finalera, eta sorpresa polita izan da garaipena".

Gipuzkoako Lehen Mailako txapela buruan, inoiz lortu duen "garaipenik onena" izan zen larunbatekoa azpeitiarrarentzat. Hala ere, emaitzak ez dira ezerezetik lortzen, eta gogoz egin du lana Larrañagak azken boladan. Haren hitzetan, "inoiz baino entrenamendu gogorragoak" egin ditu; eta, aurtengoan,"bereziki" zaindu ditu bere "burua eta osasuna".

Bestalde, finala baino pare bat aste lehenago erdi-gaixo ibili dela aitortu du Larrañagak, baina "ondo sentitu" zen txapelketako finala jokatu zuen egunean. Bezperan, "gogotsu" zegoen, eta aldarte horretan joan zen larunbatean Mendarora.

Ez du lo hartuko

Gipuzkoako saria poltsikoan, Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkolari txapelketa jokatuko du Larrañagak urrian edo azaroan. Oraindik ez dago data zehatzik, baina azpeitiarrak oso garbi du lanean jarraitu behar duela: "Ezin dut lo hartu, eta hori badakit. Zapatuan txapela atera izanak ez du esan nahi Euskal Herriko Lehen Mailara igoko naizenik. Lanean jarraitu behar dut".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu