Udala Osakidetzarekin "elkarlanean" jarduteko prest dago hizkuntza urraketak konpontzeko

Uztarria.eus 2014ko uzt. 28a, 18:47

Herriko anbulatorioan lau familia medikuren partez langile erdaldun bat jarri dutela-eta, Azpeitiko Udalak bat egin du Natul euskara taldeak plazaratutako salaketarekin. Arazoa konpontzeko, "bere esku dagoen guztia" egingo duela jakinarazi du.

Azpeitiko Udalak esan du "bere esku dagoen guztia" egingo duela herriko anbolatorioan euskararen presentzia "bermatzeko". Natul euskara taldeak salatu du herriko osasun etxean familia mediku erdalduna jarri dutela, lau familia medikuren ordez. Horrenbestez, Udalak "bat egin" du salaketa horrekin.

Bestalde, gogorarazi du administrazio publikoak zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko "betebeharra" duela. Horregatik, Osakidetzako arduradunekin bilduko dira Azpeitiko Udaleko ordezkariak, "herritarren hizkuntza eskubideak babesteko". Natul euskara taldeak egin bezala, Udalak Azpeitiaren "arnasgune izaera" nabarmendu du. Horregatik ere, euskararen presentziari arreta berezia eskaini behar zaiola jakinarazi du Udalak.

Azken arazoaz gain, erakundeak esan du urte osoan zenbait zerbitzu "erdara hutsean" eskaintzen direla, eta haiei ere irtenbidea aurkitzen saiatuko direla.