Piraguan ibiltzeko irteera antolatu du Lagun Onakek

Uztarria.eus 2014ko uzt. 15a, 14:42

Uribarri Ganboako urtegira joango dira uztailaren 20an, igandean. Gaztetxoen ibilaldian izena eman nahi duenak hilaren 17a, osteguna, izango du horretarako azken eguna.

Lagun Onak Mendi Bazkunak gaztetxoentzat Uribarri Ganboara irteera antolatu du uztailaren 20rako, igandea. Bertan, piraguan ibiltzeko aukera izango dute, hala nahi dutenek. 

Gaztetxoak 9:00etan abiatuko dira Azpeitiko plazatik, autobusez. Eguraldiaren arabera, goizean, Leintz  Gatzaga aldean edo Ulibarri Ganboa inguruetan ibilaldi bat egingo dute. Bazkaldu ondoren, 15:30ean, piraguatan ordubeteko saioa egiteko aukera izango dute, eta 17:30ean hartuko dute Azpeitira itzultzeko autobusa.

Izena emateko azken eguna uztailaren 17a, osteguna, izango da, eta inskripzioa mendizaleen tabernan edo Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean egin beharko da. Bazkideek lau euro ordaindu beharko dute eta gainontzekoek, berriz, sei euro. 

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, piraguan ibili nahi dutenek bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte, eta izena ematerakoan, ibilaldira joango den pertsonaren izenaren ondoan P letra jartzeko eskatu dute antolatzaileek.