Leire Ibarguren: "Heteroarauak esaten digu zer desiratu behar dugun eta zer ez"

Gipuzkoako Hitza 2014ko eka. 27a, 12:55
Leire Ibarguren Azpeitiko Bilgune Feministako kidea.

Heteroarauari desobedientzia! Ideietatik arrakaletara lelo hartuta, hainbat ekintza antolatu dituzte elkarrekin Azpeitiko Bilgune Feministak eta Ernaik, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bueltan. Besteak beste, Arrakala, zirrikitu bat haitzetan dokumentala eman eta landu dute. Horrez gain, elkarretaratzera deitu dute plazan, bihar, 12:30erako. Leire Ibarguren (Azpeitia, 1979) Bilgune Feministako kideak gogorarazi du Azpeitia eta Azkoitia artean ekainaren 28aren bueltan hamaika ekintza antolatu direla azken hogei urteetan. Aurten, heteroarauaren gaia jorratu dute Arrakala dokumentalaren bidez.

Arrakala, zirrikitu bat haitzetan filma eman duzue ekainaren 28aren bueltan antolatutako ekitaldietan. Zergatik?

Heteroarauak gure bizitzan nola eragiten duen adierazten du dokumentalak. Pertsonen bizipenetan oinarritutakoa da, eta oso interesgarria da hausnarketa horiek denak herriratzea. Gaiaz modu kolektiboan hausnartzea eta konpartitzea garrantzitsua da: asko gara gizartean onartuta ez dauden edo normaltasunaren barruan sartzen ez diren desioekin bizi eta horren alde maila pertsonalean zein kolektiboan borrokatzen garenak.

Donostian, dokumentalaren aurkezpenean izan ginen, eta oso ederra eta hunkigarria izan zen, kolektibo handi batek dugun errealitatean oinarritutakoa delako. Jende asko bildu ginen, barre egin genuen, hausnarketa berriak eragin zizkigun eta haserretu ere egin ginen. Baina, batik bat, indar handia eman zigun, gaiaz eztabaidatzen segitu eta dokumentala herri guztietara zabaltzeko.

Zer kontatzen du lan horrek?

Hainbat hausnarketa egiten ditu heteroarauaren inguruan: zati batean, heteroaraua zer den eta gure bizitzetan nola eragiten duen azaltzen du. Beste zati batean, desioaren inguruan hitz egiten du: desioa ere nolabait gizarteak eraikitzen duen gauza bat delako. Horrez gain, familia eredu desberdinen inguruan ere ari da, eta baita modu kolektibo batean ere, heteroarauak eta heterauaren kontrako borrokak daukan garrantziaz.

Hemen, Gipuzkoako Hitza-n Ibargureni egin dioten elkarrizketa osorik.