Igerilekuaren eraikina handitzeko lanak diruz lagunduko ditu aldundiak

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko eka. 26a, 12:03
Egun igerileku aurrean dagoen parkea kendu egingo dute, eta eraikina aurrekaldera handitu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014-2016 Kirol Ekipamenduen Plana aurkeztu du, eta eskualdeko hainbat proiektu lagunduko du diruz. Tartean, Azpeitiko udal igerilekuaren eraikina handitzeko proiektua. Lanak "ahalik eta azkarren hasi eta bukatzea" espero dute udaleko kirol arduradunek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu berri du zazpi milioi euro bideratuko dituela lurraldeko 41 kirol instalazioetarako. Proiektu horiek 2014-2016 Kirol Ekipamenduen Planaren barrukoak dira. Horien artetik diru laguntza handiena jasoko duen proiektuetako bat Azpeitiko udal igerilekuaren instalazioak handitzekoa da. 550.000 euro bideratuko ditu Foru Aldundiak handitze lan horietara.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Ekipamenduen Planaren helburua argia da: "Herritarrei, edozein udalerritan bizi direlarik ere, ariketa fisikoa egiteko aukera eskainiko dieten kirol azpiegitura sare orekatua eta eguneratua finkatzea Gipuzkoa osorako". 

Azpeitiko udal igerilekuaren eraikina handitu egingo dute: aurrealdera egingo dituzte handitzeko lanak, gaur egun haurrentzako dagoen parkea kenduta. Igerilekuan lehorreko eta uretako kirol jarduerak egiten dira, eta egingo dituzte obrek lehorreko jardueren azpiegiturei eragingo diete. "Eraikinak 30 urte ditu, igogailurik ere ez du, eta eskailera nahiko aldapatsuak ditu", azaldu du Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotziak. Beraz, kirolerako espazioa gehitzeaz gainera, igogailua jarriko dute, erabiltzaileen irisgarritasuna erraztuz.

Gaur egungo aldagelak ez dituzte ukituko, baina zati berrian ere aldagelak egingo dituzte, beheko solairuan. Beste bi solairuetan gaur egungo espazioak zabalduko dituzte.

Egun hauetan erabakiko du Udalak zein enpresak egingo dituzten lanak, eta obrak ahalik eta azkarren hastea eta bukatzea da udaleko kirol arduradunek nahi dutena. "Obrak zein enpresak egingo dituen erabakitakoan, nola egin eta zein epetan hitz egin beharko da. Gero, hemendik egun batzuetara obraren epeak eta erabiltzaileengan izango duten eragina argituko ditugu", esan du Unanuek. Beraz, proiektuaren lanak bukatzeko zazpi hilabeteko epea dute aurreikusita.

1.600.000 euro (BEZ barne) aurrekontua du igerilekuko eraikina handitzeko proiektuak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Ekipamenduetako Planean 550.000 euro aurreikusi dituzte Azpeitiko igerilekurako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzan ere diru laguntza eskaera egin du udalak. "Eusko Jaurlaritzatik Jon Redondo (Gazteria eta Kirol zuzendaria) etorri zen gaur egun igerilekuan ditugun instalazioak ikustera, eta bertako eraikina handitzeko proiektuaren berri ere eman genion". Proiekturako aurtengo udal aurrekontuetako partidan "kostuaren erdia" sartzea aurreikusi dute, eta datorren urtekoan beste erdia aurreikusteko asmoa du udalak.

Gaur egun Azpeitiko Udal Kirol Patronatuak 5.000 bazkide baino gehiago ditu.