Harrotasun egunari begira, ekitaldiak antolatu dituzte gaurko eta biharko

Uztarria.eus 2014ko eka. 25a, 18:26

Bilgune Feministak eta Ernaik egin dute egitaraua, eta Azpeitiko Udalak bat egin du haien egitasmoarekin. "Heteroaraua" hautsi nahi dute eragileek, herritarrak beraien "bizitzaren jabe" izateko aukera izan dezaten.

Harrotasun Eguna ospatzeko egitaraua prestatu dute Bilgune Feministak eta Ernaik, Azpeitiko Udalaren babesarekin. Ekitaldiak gaur, osteguna, eta zapatuan, hilaren 28an, egingo dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, "heteroaraua" apurtzea da beraien xedea. Izan ere, adierazi dute beraien bizitzaren "jabe bakarrak" izateko eskubidea nahi dutela, "kalean, eskolan, lanean, etxean edo tabernetan". Horregatik eskatu diete herritarrei antolatu dituzten ekimenetan parte hartzeko, horrek balio dezan "jendarte feminista eta askea eraikitzeko".

Honakoa da eragileek antolatutako egitaraua:

Ekainaren 26a, gaur:

  • 17:00etan, Informazio gunea eta Fotomatoia, plazan.
  • 18:30ean Arrakala dokumentalaren emanaldia, Emakume Txokoan.
  • Dokumentalaren ondoren, merienda tailerra.

Ekainaren 28a, zapatua:

  • 12:30ean, elkarretaratzea, plazan.

Honakoa da, berriz, Bilgune Feministaren eta Ernairen irakurketa:

Heteroarauari desobedientzia

Aurten, Stonewalleko gatazken 45. urteurrena betetzen da ekainaren 28an. Bertan, New York hiriko Stonewall Inn tabernan, poliziak garai hartan LGTB mugimenduko pertsonak biltzen zituzten tabernetan hain ohikoak ziren sarekadetako bat egin zuen. Baina oraingoan gauzak ez ziren betiko moduan izan.

Poliziak, betiko legez, ilara batean jartzeko eskatu zien bezeroei eta emakumez jantzita zeudenak komunera eramaten hasi ziren, gizonen sexu-organoak izanez gero, atxilotuak izateko. Baina gau hartan, emakumez jantzitakoak egoera iraingarri hori bizitzera ukatu ziren, komunera eraman behar zituzten emakumezko ofizialei aurre eginez, eta gizonezkoek euren identifikazioak ukatu zizkieten poliziei. Ondorioz, poliziek emakume transexual eta trabestiak aparteko gela batetara eramateko, eta gainontzeko bezeroak komisaldegira eramateko erabakia hartu zuten. Egoera laster bilakatu zen deserosoa, eta lesbianak era desegokian katxeatzen ari ziren poliziek egoera larriagotu zuten.

Gainera, gau hartan, atxilotu ez zituzten pertsonak, ohiko moduan ahalik eta azkarren urrundu beharrean, kanpoan gelditu ziren, eta laster jende ugari bildu zen, tabernatik ateratako bezeroak eta polizien autoak ikustean gerturatu zen jendetzaren artean.

Azkenean, atxilotuak garraiatzeko lehenengo autoa iritsi zenerako, kanpoan bilduriko jendea, atxilotuak baina hamar aldiz gehiago ziren eta barruan zeuden bezeroak tratu txarrak jasotzen ari ziren zurrumurruen aurrean, autoei txanponak eta garagardo botilak botatzen hasi ziren.

Egoera horren aurrean, poliziak jendetza sakabanatzeko ahalegina egitean, zenbait manifestatzaile bultza zituen jendea gehiago haserrearaziz, horrek istilu larriagoei hasiera eman zien. Istilu horiek hain sakonak izan zirenez, poliziak alde egin behar izan zuen, eta hurrengo egunetan liskarrei eutsi zieten.

Istilu horiek ez ziren lehenak izan, ezta azkenak ere. Hala ere, gaur egun, urtero ospatzen dugu  bere urteurrena. Egia da egoera ez dela hain latza, hemen ez gaituztela gure nortasun edo orientazio sexualarengatik atxilotzen, LGTB pertsonei ezkontzeko eta seme-alabak izateko eskubideak onartzen zaizkiela, baina oraindik ere zer egin handia dugu aurretik.

Oraindik ere, sistema kapitalista heteropatriarkalak berea ez den gorputzen eta bizitzen gain erabaki nahi duelako, bi emakumez osaturiko bikoteei ugalketa metodoetara heltzeko zailtasunak jarriz edo pertsona transexualei euren nortasuna frogatzen duen informe psikologiko bat eskatuz euren nortasuna onartzeko.

Oraindik ere, lesbiana, gai, transexual edo cisexuala bazara, inguruari azalpenak zor dizkiozula dirudi. Armairutik irten? Pertsona heterosexual edo bisexualei hala direla esateko eskatzen al diegu ba? Ez! Orduan zergatik beste batzuei bai? Armairuak eta etiketak arropentzako dira, ez pertsonentzat!

Jakitun gara, sistema honen haitza urteetan errotutakoa dela; arau nagusia, inposatua, sozializatua eta eraikia beste bat dela: heteroarauarena, alegia. Gaur egungo jendartean, ugalketan oinarritutako sexualitate eredua da normala, ordenaren barruan dagoena. Hemendik kanpo emango diren moduak eta adierazpen anitzak ez normalak, gutxituak bihurtuz. Sistema honek jendarte heterosexual baten beharra du gure desira markatuz, norabidetuz, finean eraikiz.

Sexualitate eredu honek "produktuen" erreprodukzioa,  hau da, ugalketaren kontrola du helburu. Horretarako emakumeen sexualitatearen eta gorputzen kontrola ezarriko dute: monogamia, familia eredu patriarkalak, estigma, maitasun erromantikoa... etab.en bitartez. Hau guztia hornitzeko familia eredu patriarkala eta maitasun erromantikoaren ideiak gure gorputzetan ezarriko dituzte, arauak askotan bertan izkiriaturik geratuko dira naturalak direnaren aitzakiarekin. 

Honengatik, berriro ere ekainaren 28an bildu gara heteroaraua apurtzeko, ez dugulako musu bat eman ahal izateko, maite dugunari eskua eutsi ahal izateko, laztandu ahal izateko, nahi dugun moduan jantzi ahal izateko, e.a. berriro ere ezkutuan ibiltzeko beharra sentitzerik nahi. Laburbilduz, gu geu izateko eta geure bizitzaren jabe bakarrak izateko eskubidea nahi dugu bai kalean, zein eskolan, lanean, etxean edo tabernetan. Horregatik, gaurko egunean zehar ospatuko diren ekimen desberdinetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Duela 45 urte, ordena aldatzeko egin zen saiakera horrek, jendarte hau feminista eta aske eraikitzeko balio diezagula!