Bigarren proiektua aukeratu dute herritarrek, plaza berritua oinezkoa izango da eta kioskoa edukiko du, behin-behinean

Uztarria.eus 2014ko eka. 15a, 23:15
Boto gehien jaso dituen proiektua, Irudika estudioko Maider Olaizolarena.

1.545 botorekin irabazi du bigarren proiektuak. Lehen proiektuak, berriz, boto bat gutxiago jaso du, 1.544 boz, alegia. Proiektuen arteko aldea txikia denez, berriro egingo dute zenbaketa. Beraz, datuak behin-behinekoak dira. Bestalde, botoa eman duten azpeitiarretatik %66k plaza oinezkotzea aukeratu du, eta %59,67k, berriz, kioskoa izan behar duela. Herri galdeketako parte-hartzea %29,53koa izan da. 

 

Plaza nola eraberritu aukeratzeko herri galdeketan, bigarren proiektua, Irudika estudioarena, izan da bozkatuena, bozen %43,24rekin. Proiektu irabazleak 1.545 boto jaso ditu, baina 1.544 boz jaso ditu bigarren gelditu denak, lehen proiektuak, Bi RG estudiokoak. Hirugarren proiektuak, Landatek estudioak eginak, berriz, 417 boz jaso ditu. Horiez gain, 66 boto zuri zenbatu dituzte, eta bat baliogabea.

Eneko Etxeberria alkateak jakinarazi du emaitza "behin-behinekoa" dela, "berdinketa teknikoa" dagoenez, kontaketa berriro egingo baitute. Bestalde, esan du Udalak ikusi duela galdeketaren sistema "eraginkorra" dela, eta "herritarren hitza" errespetatu egingo dutela. Etxeberriaren hitzetan, galdeketa egiten den lehen aldia izateko, parte-hartzea "positiboa" izan da.

Urola Kostako Hitza-k Eneko Etxeberriaren adierazpenak bideoan jaso ditu.

Plaza berritua, oinezkoa eta kioskoarekin

Bestalde, 2.360 pertsonek erabaki dute plaza oinezkoa izatea nahi dutela, hau da, bozkatu duten herritarren %66k. Plaza oinezkotzearen aurkako botoak, berriz, 1.042 izan dira, eta 171 boto zuri zenbatu dituzte. Hori dela eta, plaza oinezkoa izango da lanak amaitu ondoren.

Horrez gain, azpeitiarrek plaza berrian kioskoa nahi dutela erabaki dute. Boza eman dutenen %59,67k egin du kioskoa ipintzearen alde, hots, 2.132 pertsonek. 1.301 herritarrek kioskoa kentzearen alde egin dute, eta 140k zurian bozkatu dute.

Plaza nola eraberritu aukeratzeko egin den herri galdeketan, 12.099 herritarrek izan dute boza emateko aukera. Horietatik 3.573 azpeitiar joan dira hauteslekura, beraien iritzia ematera. Beraz, parte-hartzea %29,53koa izan da.

Galdeketaren antolatzaileek azaldu dutenez, errolda aldatu egin dute. Izan ere, udalerrian erroldatutako bost pertsona ez zeuden zerrendan sartuta. Hori dela eta, 12.094 pertsonako erroldari gehitu zaizkio bost herritar gehiago.