'Hemenbuy' plataforma sortu dute, Internet bidez herrian saltzeko eta erosteko

Uztarria.eus 2014ko eka. 13a, 18:35
Hemenbuy plataformaren aurkezpena.

Azpeitiko eta Azkoitiko Udalen eta Iragurgi Berritzenen egitasmoa da webgunea. Interneten erosteko joera probestu nahi dute sustatzaileek, herriko merkatariei aukera berria eskaintzeko.

Azpeitiko eta Azkoitiko dendari txikiei aukera berria eman nahi diete bi herri horietako Udalek, "erakusleiho bat gehiago" izan dezaten. Horregatik, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak Hemenbuy (hemen erosi) plataforma digitala sortu dute, Elkarmedia enpresaren laguntzarekin. Webgune horretan, bi udalerrietako dendek beraien produktuak jarriko dituzte ikusgai edo salgai, eta herritarrek aukera izango dute, Internet bidez, herrian bertan erosketak egiteko.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen hitzetan, orain arte, Internet "arerioa" izan da herriko merkatarientzat, baina konturatu dira "aliatua" izan daitekeela. Beraz, webgune horrekin, probetxuzko baliabide bilaka daiteke sarea. "Udalarentzat herriko merkataritza garrantzitsua da, gainera, badakigu sektorea gaizki pasatzen ari dela. Horregatik babestu dugu egitasmoa, Hemen bizi, hemen erosi filosofiaren baitan", nabarmendu du Etxeberriak. Horrez gain, alkateak esan du egitasmoak arrakasta izanez gero, "lanpostu berriak" sor ditzakeela, besteak beste, banatzaile edo kudeatzaile lanak egiteko.

Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek konpromisoa erakutsi dute plataforma horrek fruitua eman dezan. Horregatik, erakundeek diruz lagunduko diete Hemenbuy-ko kide izan nahi duten dendariei: plataforman orrialdea egiterakoan, erdia Udalek ordainduko dute. Honela funtzionatuko du webguneak: merkatariek beraien lekua izango dute Azpeitiko eta Azkoitiko dendak biltzen dituen plataforma horretan; eta, horrela, saltoki fisikoaz gainera, Interneten ere izango dute erakusleihoa. Merkatariek aukeratuko dute zer produktu jarri nahi dituzten webgunean, eta zein utziko dituzten denda fisikorako. Horrenbestez, erabiltzaileek dendarien eskaintzak ikusiko dituzte, plataformara sartzean. Haiek bilaketa egiteko hainbat modu izango dituzte: herriaren izena jarrita, dendaren deitura idatzita edo produktuaren aurkituta, besteak beste.

Merkatarientzat erraztasunak

Bestalde, merkatariei lana errazteko, langile bat kontratatu dute harremanetarako eta kudeaketa lanetarako, Enplegu Planaren bidez. Plataformaren oinarriak autonomia eta erraztasuna dira, eta horregatik Hemenbuy sustatu duten erakundeak saiatuko dira "zailtasunengatik" inor ez dadin kanpoan gelditu. Alazne Larrañaga Hemenbuy-ko kudeatzailearen hitzetan, "garrantzitsuena herriak bizirik mantentzea" da, eta horretarako "probetxuzko baliabidea" eskaini nahi dute.

Hemenbuy plataforma martxan da jada, baina, oraingoz, ezin da erosketarik egin han. Webgune pilotua sortu dute herritarrek informazioa jaso dezaten eta egitasmoaren oinarriak ezagutu ditzaten. Uda amaieran jarriko dute martxan plataforma digitala. Hori lortzeko, Azpeitiko eta Azkoitiko hamabina dendarekin ari diran lanean, baina salgunea duen edonor jar daiteke harremanetan Edurne Azkune Hemenbuy webguneko koordinatzailearekin. Horretarako, 636 29 85 29 telefonora deitu edo eazkune@iraurgiberritzen.net helbidera idatz daiteke.