Epaileak 'Egunkaria'-ren auzi ekonomikoa itxi du usteko delituak preskribatuta daudelako

Berria.info 2014ko eka. 4a, 12:23

Fiskalak alegazioa jartzeko bost eguneko epea du. 2003an urrian izan zen operazioa, zortzi hilabete lehenago euskarazko kazeta itxi zuten.

Joan den apirilaren 7an Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten, Donostian. Kasua artxibatzeko eskatu zuten defentsak, auzia preskribituta dagoela esanez. Aldiz, fiskalak zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa egiteko galdegin zuen. Epaileak auzia itxi du.

Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuentzat 128 urteko espetxealdia (9 eta 18 urte artekoak) eta 221 milioi euroko isunak eskatzen ditu fiskalak.

Iruzurra leporatzen zieten

Fiskalak zioen akusatuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituztela eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurra egin zutela. Dena dela, Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak esan izan du laguntzak legezkoak zirela.

Duela lau urte, Egunkaria-ko sumario nagusiaren absoluzioaren ondoren, auzi ekonomikoa Gipuzkoako Lurralde Auzitegira pasatu zen, eta honek, geroago, auzitik kanpo utzi zuen Dignidad y Justicia elkartea.

2003ko urriaren 16an izan zen auziko ekonomikoko operazioa, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Urte bereko otsailaren 20an itxi zuen Del Olmok euskarazko egunkaria.

Bi azpeitiar atxilotu zituzten

Guardia Zibilak 2003ko martxoan egin zuen auzi ekonomikoko operazioa, eta Mikel Azkune eta Eneko Etxeberria azpeitiarrak atxilotu zituen. Hala eta guztiz, biak ez epaitzea erabaki zuen auzitegiak.