Industria indartzea helburu duen akordioa sinatu du Azpeitiko Udalak Saiolanekin

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 29a, 17:02

Azpeitiko eta bailarako industria sarea eta jarduna indartzea helburu duen hitzarmena sinatu dute Azpeitiko udalak eta Arrasateko Saiolan enpresa eta berrikuntza zentroak. Sustapen Ekonomiko Planean kokatzen da hitzarmen hau eta Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantziatuko ditu hitzarmenetik eratorriko diren proiektuak. Hitzarmena aurkeztu dute Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Jose Mari Usatorre, Saiolaneko ordezkariak eta Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak.

Eneko Etxeberriak adierazi duenez, "Azpeitian industria jarduna galtzen ari da eta ez dugu jakin izan hori erregeneratzen; ekintzailetasuna badago Azpeitian, baina autoenpleguari lotutakoa, eta ez dago proiektu industrialak sortzeko egitasmorik". Hori dela eta, Saiolanen laguntzarekin, "ekintzailetasun horiek bilatu eta proiektuak martxan jartzen" saiatuko direla adierazi du. Udalak 115.000 euro ipiniko ditu ekonomia arlo honetan sustatzeko proiektuetara.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 150.000 eurorekin lagunduko du Azpeitiko Udala eta Saiolanen arteko elkarlana. "Erakundeon lana da enpresei laguntzea, eta animoak ematetik haratagi, konpromisoa hartuko dugu laguntza hori emateko", adierazi du Aldundiko ordezkari Jon Peli Uriguenek, "era honetako proiektu estrategikoak dauden lekuan, hor izango gara gu beti", esan du.

Arrasateko Saiolan enpresa eta berrikuntza zentroko arduradun Jose Mari Usatorrek adierazi duenez, Saiolanek ia 30 urteko esperientzia du lan eta enpresa harremanak lantzen. Saiolanek "ezagutza batu eta banatzen du, enpresagintzan, berrikuntzan edota pertsonaren formakuntzan". Enpresa eta lanpostu berriak sortzeko lanean, "Saiolanen baliabide guztiak azpeitiarren eskura" jarriko dituztela azaldu du.

Hiru ardatz, bost proiektu

Iraurgi Berritzeneko Begoña Beobidek azaldu ditu hitzarmen hau gauzatzeko garatuko diren bost proiektu zehatzak. Hiru ardatz nagusitan banatzen dira: Ekintzailetasuna sustatzea, ekintzailetasun proiektuak garatzea, eta hezkuntza eta prestakuntza.

Ekintzailetasuna sustatzeari dagokion ardatzean kokatzen dira lehen bi proiektuak. Alde batetik, proiektu generikoak garatuko dira, zehazki teknologia garbien eta menpekodunen laguntzetarako teknologien ingurukoak. Bestetik, nazioartekotza bultzatzeko, zentro, unibertsitate, gobernu, arrisku-kapitaleko sozietate eta bestelako erakundeekin lankidetza-sareak eta aliantzak bilatuko ditu Saiolanek, Urola Erdian enplegua sortzen eta lehiakortasuna bultzatzen laguntzeko.

Ekintzailetza-proiektuen garapenari dagokion ardatzak hartzen ditu beste bi proiektu. Batetik, enpresak dibertsifikatzeko edota enpresak sortzeko eta optimizatzeko proiektuak garatuko dira, zehazki zeregin hauetan: bideragarritasun azterketak, produktua garatzen, horien prototipoak egiten eta industrializatzen eta jarduera berria hezurmamitzen. Beste aldetik, industria sektori kritikoei bultzada ematea izango da bigarren egitasmoa; Urola Erdiko industria-mapa osatu ostean, enpresen arteko lankidetza esparruak zehaztu eta etorkizuneko negozioak garatzeko eta mantentzeko aukerak identifikatuko dira.

Hirugarren eta azken ardatzak, hezkuntza eta prestakuntzarenak, hartzen du zehaztutako bosgarren proiektua. Urola Erdiko lanbide heziketa zentroaren osagarri izango den bestelako hezkuntza-ekimen bat garatzea. Saiolanek eskualdean lana garatzeko beharrezko formazioak identifikatuko ditu, horrekin gero hezkuntza plan bat garatu eta martxan jartzeko.

Urtebeterako finantziazioa du, momentuz, hitzarmenak, baina Beobidek azaldu duenez, “"gu guztion nahia da aurrerantzean hitzarmen honek jarraipena izatea".