EAJk eskatu dio Udalari Madalenako ospitalea irekita mantentzeko hitzarmena egitea

Uztarria.eus 2014ko mai. 28a, 18:31
Itziar Lasa eta Aitor Gorrotxategi jeltzaleak, Madalenako ospitalearen aurrean.

Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramailearen hitzetan, "krisiaren ondorioei aurre egiteak" izan behar luke Udalaren "helburu nagusia". Horrenbestez, adierazi du Madalenako ospitalea "erakarpen-puntu" bihurtu behar dela, herriko turismoaren mesederako.

EAJk eskatu dio Udalari hitzarmen bat egiteko, Madalenako ospitalea irekita mantendu eta eraikina "erakarpen-puntu" bilakatu dadin. Horretarako, Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak esan du elkarlana sustatu behar dela Udalaren, Jesusen Lagundiaren eta Urolako Eskualdeko Turismo bulegoaren artean.

EAJak nahi duena zera da: "bisitariak motibatuak senti daitezela eta herriko dendetan, jatetxeetan eta tabernetan kontsumi dezatela". Horretarako, jeltzaleen bozeramailearen hitzetan, "ezinbestekoa" da akordioak lortzea Loiolako Santutegiarekin eta Trenaren Museoarekin. "Parrokian eliza monumentala dugu, eta hor ditugu bere garaian egin zen ahaleginari esker, bere osotasunean gordetzen den eta gaur egun ahaztuta dagoen herriko garbilekua eta, besteak beste, Enparan Dorretxea, Antxieta edo Basozabal aintzinako jauregiak", gaineratu du.

EAJren hitzetan, turismoa bidea izan daiteke enplegua sustatzeko. Horregatik, esan du alkateak ezin duela "ezikusiarena egin", Madalena erakunde pribatu baten jabetzakoa dela-eta. "Enplegua sustatzeak eta berrindartze ekonomikoak lehentasun izan behar dute Udalaren kudeaketan, eta Turismo batzordeari eskatuko diogu gaur egun langabezian dauden pertsonen artean enplegua sustatzeko planak erabiliz, zeregin horretarako prestatuta dauden pertsonak kontrata ditzan", azaldu du Gorrotxategik.

Aitor Gorrotxategik idatzizko eskaria egin du Udalean. Hemen, Gorrotxategik egin duen eskabidea osorik:

Azpeitiko herria jasaten ari den krisi ekonomikoaren aurrean EAJko udal taldeak argi eta garbi dauka herriko Udalaren helburu nagusiena eta, beti ere, bere eskuduntza eta neurrien arabera, krisiaren ondorioei aurre egitea dela.

Horretarako, ezinbestekoa deritzogu ditugun bitartekoak modu egokian kudeatzea eta balorean jartzea.

Gure herriak balore historiko eta kultural handiko eraikin ikaragarriak ditu. Hala nola, Loiolako Santutegia, garbitegia, Enparan, Antxieta, Basozabal edota eraberritu den Madalenako ospitalea. Horiekin batera urtero milaka lagun erakartzen dituen Trenaren museoa dugu.

Guzti horregatik eta kontuan hartuta ditugun balore hauek herriaren sustapenerako baliagarriak izan daitezkeela turismoari begira modu egoki batean kudeatzen baditugu, EAJren izenean zuzentzen naiz, eta eskatzen dugu, ahalik eta azkarren Ogasuna, Merkataritza, Turismo eta Industria batzordea biltzeko deia egitea honako gaiak aztertzeko:

1.- Orain gutxi eraberritu den Madalenako ospitalea balorea jartzea eta zabalik eta bisitatzeko moduan egon dadin, dagokion hitzarmen posiblea landu eta gauzatzea.

2.- Hitzarmen horren azterketa eta dagokion forma juridikoa lantzeko, Udalak eta bailarako turismo bulegoak dituen teknikariei dagokien txostena prestatzeko eskatzea.

3.- Madalenako ospitalea zabalik edukitzearekin batera, Soreasuko Sebastian Donearen parrokia eta herriko garbitegia zabalik edukitzearen azterketa egitea, eta baita herriko merkataritzari eta ostalaritzari sareetan modu erakargarrian beraien berri eman dezaten laguntza posibleak luzatzea.

4.- Goian aipatutakoa ahalbidetzeko, sustapen ekonomikorako aho batez onartuta ditugun funtsen erabilpena aztertzea.