Abian da 'Uztarria' aldizkariko maiatzeko lehiaketa, Jai-Alai jatetxeko errezetarekin

Uztarria.eus 2014ko mai. 7a, 13:45
Maiatzeko aldizkariko lehiaketa atala.

Jai-Alai jatetxea izan da Uztarriak eta herriko jatetxeek elkarlanean abiatu duten Uztarria sukaldean lehiaketako hirugarren protagonista, eta basurde gisatua prestatzeko errezeta eskaini die irakurleei. Maiatzeko lehiaketan parte hartzen duten bazkideen artean, Jai-Alai jatetxean bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozkatuko du Uztarriak.

Kalean da Uztarria aldizkariaren maiatzeko zenbakia, eta abian da hil honetako Uztarria sukaldean lehiaketa. Jai-Alai jatetxeko sukaldariak prestatutako basurde gisatuaren errezeta kaleratu du Uztarriak, eta plateraren osagaiak eta prestatzeko pausoak azaldu dizkie sukaldariak Uztarriaren irakurleei.

Dagoeneko irakurleen txanda da. Bazkideek lehiaketan parte hartzeko euren gustuko errezeta bidali beharko dute, bazkidea bera sukaldatutako platerarekin agertzen den argazkiarekin batera. Uztarriaren egoitzara (Perez Arregi plaza 1, behea) edo uztarriasukaldean@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte plateraren errezeta eta argazkia, maiatzaren 26a baino lehen. Lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da Uztarriako bazkide izatea (Uztarria Komunikazio Taldeko bazkide egin eta hainbat abantailaz gozateko, egin klik hemen eta bete formularioa). Maiatzeko lehiaketan, argazkia eta errezeta bidaltzen duten bazkide guztien artean, Jai-Alai jatetxean bi lagunentzako afaria edo bazkaria zozkatuko da. Animatu eta hartu parte!

Uztarriak martxoko zenbakiarekin abiatu zuen lehiaketa berria. Alberto Frantzesena izan da apirileko lehiaketako irabazlea, eta Pastorkua jatetxean bi lagunentzako jatordua irabazi du. Aurrerantzean, hilero herriko hainbat jatetxeetako sukaldariek, txandaka, plater bana prestatuko dute aldizkariko lehiaketa atalerako, eta errezeta ere emango dute.