'Mintzanet' egitasmoa aurkeztu dute Euskara Patronatuan

Uztarria.eus 2014ko api. 28a, 19:04
Kristina Tapia koordinatzailea, aplikazioari buruzko azalpenak ematen.

Proiektuaren helburua da, Interneteko aplikazioaren bidez, euskaraz ongi mintzatzen diren pertsonek eta zailtasunak dituztenek elkarrekin hitz egitea, horrela, jarioa lantzeko. "Borondatean oinarritutako" egitasmoa da, eta hizlariek askatasuna izango dute ordutegiak aukeratzeko.

"Parte-hartzaileek ez dute diru-saririk jasoko, ezta ezer ordainduko ere, baina jarduna aberasgarria izango da guztientzat". Horrela azaldu du Ritxi Lizartza 'Mintzanet'-eko kideak proiektuaren mamia. Gaur, astelehena, aurkeztu dute Mintzanet proiektua Euskara Patronatuan. Ritxi Lizartzak eta Kristina Tapia koordinatzaileak azaldu dutenez, "Mintzalagun ekimenean du sorrera Mintzanetek". Egitasmoaren helburua da euskaraz ongi moldatzen diren pertsonen eta zailtasunak dituztenen artean komunikazioa ahalbidetzea, Interneteko aplikazio baten bidez.

Mintzalagun proiektuak euskaldun zaharra eta euskaldun berria jartzen ditu parez pare, eta Mintzanetek muga fisikoak gainditu nahi ditu. Antolatzaileen ustez, modu ona da hitzordu fisikoak egiteko aukerarik ez duten pertsonek zerbitzua erabil dezaten: "Pertsona batzuek ez dute inguruan euskaraz mintzatzeko inor, eta beste batzuek, agian, ezintasun fisikoak ere izan ditzakete. Internetek arazo horiek errazten ditu".

Egitasmo horretan bi irudi daude: bidelaguna, euskaraz ongi moldatzen den herritarra, eta bidelaria, hizkuntzarekin zailtasunak dituena. Elkarrizketa guztietan egongo dira bidelagun eta bidelari bana. "Helburua lasai hitz egitea da, euskaraz jardutea. Ez dira eskolak edo ikastorduak, jarioa lantzeko lagun arteko elkarrizketak baizik". 

Lizartzak eta Tapiak nabarmendu dute malgutasuna dela egitasmoaren oinarrietako bat. Izan ere, parte-hartzaileak Internet bidez komunikatu daitezkeenez, askeak dira ordutegiak hautatzeko. Honakoa da izena emateko prozesua: www.mintzanet.net helbidera sartu behar da; eta, ondoren, datuak sar daitezke han (ordutegiak, adina edo zaletasunak, besteak beste). Koordinatzaileak aurkituko du erabiltzaile berriaren beharretara moldatzen den bidelaguna edo bidelaria, eta egutegi bat egingo du bi pertsona horiek harremanetan jar daitezen. Behin hori eginda, erabiltzailea erregistratuta geldituko da orrialdean, eta helbide elektronikoarekin sartzeko aukera izango du. Arazoren bat egonez gero, koordinatzaileak laguntza eskainiko die bidelagunei zein bidelariei. Bestalde, beharrik bada, hizketarako gaiak ere proposatuko ditu koordinatzaileak.

Beraz, orrialdean izena emateko deia egin dute Mintzanet egitasmoko kideek. Haien arabera, "borondatean oinarritutako proiektua" da Mintzanet, eta "elkarri laguntzeko" balioko du.