Abian da 'Uztarria' aldizkariko apirileko lehiaketa, Pastorkua jatetxeko errezetarekin

Uztarria.eus 2014ko api. 9a, 12:50
Apirileko aldizkariko lehiaketa atala.

Pastorkua jatetxea izan da Uztarriak eta herriko jatetxeek elkarlanean abiatu duten Uztarria sukaldean lehiaketako bigarren protagonista, eta foie hostopila kalabazinarekin prestatzeko errezeta eskaini die irakurleei. Apirileko lehiaketan parte hartzen duten bazkideen artean, Pastorkua jatetxean bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozkatuko du Uztarriak.

Kalean da Uztarria aldizkariaren apirileko zenbakia, eta abian da hil honetako Uztarria sukaldean lehiaketa. Pastorkua jatetxeko sukaldariak prestatutako foie hostopila kalabazinarekin errezeta kaleratu du Uztarriak, eta plateraren osagaiak eta prestatzeko pausoak azaldu dizkie sukaldariak Uztarriaren irakurleei.

Dagoeneko irakurleen txanda da. Bazkideek lehiaketan parte hartzeko euren gustuko errezeta bidali beharko dute, bazkidea bera sukaldatutako platerarekin agertzen den argazkiarekin batera. Uztarriaren egoitzara (Perez Arregi plaza 1, behea) edo uztarriasukaldean@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte plateraren errezeta eta argazkia, apirilaren 22a baino lehen. Lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da Uztarriako bazkide izatea (Uztarria Komunikazio Taldeko bazkide egin eta hainbat abantailaz gozateko, egin klik hemen eta bete formularioa). Apirileko lehiaketan, argazkia eta errezeta bidaltzen duten bazkide guztien artean, Pastorkua jatetxean bi lagunentzako afaria edo bazkaria zozkatuko da. Animatu eta hartu parte!

Uztarriak martxoko zenbakiarekin abiatu zuen lehiaketa berria. Ainara Larrañaga izan da martxoko lehiaketako irabazlea, eta Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako jatordua irabazi du. Aurrerantzean, hilero herriko hainbat jatetxeetako sukaldariek, txandaka, plater bana prestatuko dute aldizkariko lehiaketa atalerako, eta errezeta ere emango dute.