Uztarria.com mugikorrerako egokitu dugu

Uztarria.eus 2014ko api. 3a, 18:47
Horrelako itxura du Uztarria.com-ek mugikorretik sartuz gero.

Aurrerantzean Uztarria.com-era mugikorretik edo tabletetik sartzen diren irakurleek, erosotasunez irakurri ahal izango dituzte edukiak, gailu horietarako egindako moldaketei esker.

Gaur egungo teknologietara egokitzeko eta irakurleek mugikor edo tabletetik Azpeitiko berriak eroso irakurtzeko, Uztarria.com mugikorrerako egokitu du Uztarria Komunikazio Taldeak. Izan ere, datuak esanguratsuak dira: 2012an Uztarria.com webguneko bisita guztien %8,88 egin ziren mugikorretatik eta %2,85 tabletetatik; iaz bisiten %15,73 egin ziren mugikorretik eta %6,18 tabletetatik; aurten, goranzko joera izan dute datuek, eta urtea hasi denetik hona webguneak izan dituen bisita guztien %19,97 egin dira mugikorretatik, eta %7,77 tabletetatik.

Aurrerantzean mugikorretik Uztarria.com-era sartzen diren irakurleek Aktualitatea atala dute pantaila nagusian. Bertan, eguneko albiste guztiak irakurri ahal izango dira, kronologikoki ordenatuta. Uztarria.com logoaren ezkerraldeko menutik sartu ahalko da gainerako ataletara. Hala nola, Komunitatera, Agendara eta Gida/telefonoak-era. Gainera, kide eta erabiltzaileek mugikor edo tabletetatik Komunitatean idazteko aukera ere izango dute. Horrez gain, webguneko atal guztiak ere bisitatu ahal izango dira menu hori zabaldutakoan.

Mugikorrerako egindako moldaketak tarteko, webgunearen ohiko diseinuan-eta aldaketak egin dira.