Erabakitzeko eskubidearen aldarriak bete zuen Soreasu

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 31a, 12:07

Zapatuan goraino bete zen Soreasu antzokia, Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikak antolatutako ekitaldiaren baitan. Herriko hainbat kultur taldek eta norbanakok hartu zuten parte ordubete pasatxoko ekimenean. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideaz gain, Katalunia eta Eskozia ere presente izan ziren uneoro.

"Eskubidea dugu, eta eskua da bidea" zioen Xabier Gantzarainek irakurritako olerkiak, ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza-katean parte hartzeko gonbitea eginez. Giza-kate horren Azpeitiko katebegia osatu zuten ekitaldiaren amaieran, Azpeitiko Gure Esku Dagoren bideoklipeko parte hartzaileek, ekitaldian bertan parte hartu zutenek eta Azkoitiko eta Zestoako mugimenduetako ordezkariek.

Ekitaldia bukatutakoan ekainaren 8ko giza-katerako metroak erosteko aukera ere izan zuten bertaratutakoek. Perez Arregi plazatxoan hasi zen Skandalue elektrotxaranga Alde Zaharra girotzen, eta 21:00etan zabaldu zuten Berdura Plazako txotxa. Ondoren, Ze Esatek eta Ezten giro taldeen kontzertuak izan zen Sanagustin kulturgunean.