Jesus Egiguren: "ETA bukatzea arazoa da estatuarentzat"

Uztarria.eus 2014ko mar. 12a, 13:09

Atzo, asteartea, 100 bat lagun izan ziren Sanagustin kulturgunean, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen eta Enekoitz Esnaola Berria-ko kazetariaren arteko solasaldian. ETAz eta desarmeaz, bakegintzaz, PSOEren eta PSNren arteko gora-beherez, abertzaletasunaz eta beste hainbat kontuz jardun zuen atzokoan. Aho Bizarrik Gabe-ko hurrengo saioa, maiatzean izango da. 

Modu berezian hasi zen atzo Aho Bizarrik Gabe solasaldietako zazpigarrena, Arnaldo Otegi preso eta Sortuko kideak galdera bidali baitzion (jendeak hitzaldiaren aurretik galderak bidaltzeko aukera izaten du) Jesus Egigureni. Otegiren galderak honela zion: "Jesus, zeinek ez dute nahi bakea? Eta zergatik?"."Bakea lortzea garestia dela esan ohi da. Jende asko ondo bizi izan da bakerik gabe, eta nahiko ondo joan zaie bizitza. Segurtasun munduan-eta zenbat diru joaten zen, kazetariek ETAz soilik zekiten hitz egiten, eta oraindik horretan jarraitzen dute, ETA zegoenean baino gorroto handiagoarekin, askotan", erantzun zion Egiguren PSE-EEko presidenteak.

Enekoitz Esnaola kazetariak galdetu zion oraindik ere Otegi bisitatzera joaten al den; "lehen joaten nintzen, baina orain ez didate uzten", erantzun zion Egigurenek. Nork ez dion uzten galdetu zion Esnaolak, eta "ez dakit" esan zion. "Otegik borroka armatua defendatuko balu ez legoke kartzelan", gaineratu zuen.

"Gobernu honek ez du arazoak konpontzeko gogorik. Orain Arnaldo preso edukitzeak gerora ere kalteak eragingo ditu. Sortu sortzen ari da, eta liderra kartzelan dago. Alderdia bururik gabe dago", azaldu zuen PSE-EEko presidenteak. "ETA bukatzea arazoa da estatuarentzat, eta hala gertatu ez balitz, igual, ez zen ustelkeria konturik azalduko. Espainiari ez zaio interesatzen arazoa gainditzea. Espainian saldu zuten ETA amaitu zela, baina Bilduk hartu zuela haren lekua. ETAk armak utzita, Espainiak aurkari bat behar zuen". 

ETAren desarmatzea eta presoak

Egigurenen ustez, ETAren desarmatzea ez da arazoa eta horrek ez du kezkatzen, "armak erabiltzen ez badira, alferrikakoak dira-eta": "ETA ez da inoiz desegingo. Nola desegin behar du, disolbentearekin? ETAko jendea hor egongo da, baina presoekin ikusten dut arazoa". 

Desarmatze prozesua "keinu" moduan hartu du Egigurenek, baina, berak dio, keinu horiek ez direla nahikoa herritarrentzat: "Keinuak garrantzitsuak dira, jendeak nahi eta eskatzen dituelako, baina keinu bat egin orduko ez dela nahiko esaten da. Ziur nago ETAk armak eman eta desegin dela esango balu jendea lasaituko litzatekeela". ETAk amaierarik ez duelakoan dago Egiguren, baina presoen auziak irtenbidea duela uste du: "Egutegi bat egin behar da. Sakabanaketa egin zen, baina jada ez du zentzurik. PSOEk bideorri bat egin zuen, eta gaizki atera zen. Ez dakit ETAk badakien presoen arazoa konpontzeko zer egin behar duen". Egigurenen ustez, "zigor handiegia jasotzen dute presoen senideek".

Gatazka

Gatazka egon "badagoela" uste du Egigurenek, eta gatazkaren ondorioak ikusten ari garelakoan dago: "Gatazka ez da inoiz bukatuko. ETAk 800 lagun hil ditu eta horietako askok semeak dituzte, bilobak ere bai... Hildakoak ez dago pizterik, ez armarioan ezkutatzerik. Urte batzuk aurrerago hitz egingo da gatazkaz. Naziei buruzko filmak ez ziren egin 80ko hamarkadara arte".

Egigurenen iritziz, "bakea egiteko ahaztu egin behar da ahal den guztia". "Memoriaren aurka nago. Ahaztea positiboa da. Dena dela, gauza asko ezin dira ahaztu, nahi gabe ere akordatzen gara-eta. Bizitzako gauza txar guztiak burmuinak baztertuko ez balitu, ez ginateke biziko".

Alderdi sozialistako kide gisa izandako ardura politikoaz, eta PSOE Espainiako Gobernuan izan zen garaiak (Pasaiako sarraskia, GAL...) gogoratuz, "hasieratik GALen kontra" zegoela azaldu zuen: "Ez dut sentitzen erantzukizunik, baina erantzukizuna baldin badaukat hartuko dut. Gobernadore zibil euskaltzaleak jartzen genituen, ustez torturaz gehien kezkatuko zirenak. Baina mundu horrek tragatu egiten zaitu".

Biktimak

Bakean gaudela uste du Egigurenek: "Bakea da jendea bakean uztea. Bakea eginda dago. Falta dena da ETAren afera, presoena... soluzionatzea. Beste toki batean bizi bagina, honezkero konpondu genuen arazoa". PSE-EEko presidentearen arabera, "jendeak ez daki zein diren biktimak. Asko dira biktimen kontura bizitza arreglatu dutenak, eta bizitza osoa horrela pasatu nahi dutenak. Biktimak badaude, baina PSOEn inor ez da sentitzen biktima. Esaten dute gatazkan bi biktima daudela: egia eta gatazka jasan dutenen seme-alabak". 

PSE-EE, PSN eta PSOE

PSOE eta PSNren arteko tira-biran nafarrek gaizki jokatu dutela uste du PSEko presidenteak: "Oso ondo iruditzen zait PSOEk PSNri jarritako betoa, baina gaizki iruditzen zait PSNk errespetatzea". PSNk "ausart" jokatu behar zuela uste du, eta "egin beharrekoa" egin behar zuela. "Zapaterok bere garaian esan zigun Patxi Lopezek ez zuela balio idazkari nagusi izateko, ezta nik presidente izateko ere, ez zekielako zer nuen buruan. Baina ez genion kasurik egin".

Abertzaletasuna

"Oraingo Euskadi Bizkaia gizenduta" dela uste du Egigurenek: "Orain egiten dugu: zenbat eta Euskadi gehiago, Euskal Herri gutxiago". "Egun, EAJn ia inork ez du Nafarroa Euskal Herrian imajinatzen. Sabinoren (Arana) teoriarekin ez dago Euskal Herria egiterik". Egigurenen aburuz, "bada nazionalista dela esaten ez duen jendea, eta naizonalista dela dioena baino gehiago sentitzen duena Euskal Herria".

Sorturi ohartarazpena egin zion Egigurenek: "Sortu euforiko dago bozkak jaso dituelako, baina urduri egon behar luke. Euskadin nazionalismotik ez da inoiz ezkerra kontsolidatu".